Murgia

Murgiako hiribildua (Zuiako haraneko hiriburua) haranaren erdian dago, eta errepidez lotuta dago Zuiako Udaletxea osatzen duten herri guztiekin.

Hasieran, herri gehiena errepidearen bi alboetan zegoen, eta, egun, errepide hori Domingo Sautu kalea da. Alabaina, herri osoaren hasikina edo jatorria betidanik El Barrio deitu izan zaiona izan da; horren izen osoa “El Barrio de la Cruz” da eta egungo Murgiako hirigunearen hego-ekialdean dago. Goba ibaiak bereizten ditu auzo hori eta Murgia, ibai hura baita bi eremuen benetako zatitzailea.

XIX. mendearen amaieratik eta XX. mende osoan zehar, itxura dotorea izan du Murgiak, eta, hori dela-eta, probintzian nabarmendu izan da. Jauregitxo zabalek (besteak beste, Vea Murgiako jauregitxoa, Corral jauregitxoa, Markesaren jauregia, Vivancosen jauregia eta Iradier etxea) eta haien egitura dotoreak –baita ondorengo eraikinek– Murgiaren itxura dotore eta desberdin hori sortu dute. Plazak eta Udaletxeko eraikinak haraneko hiriburuaren prestigioa berresten dute.

Nabarmendu behar da Murgian egon diren hiru komentuen erlijio- eta kultura-alderdia; hain zuzen, Karitateko Ahizpen komentuak, Aita Pauldarren komentuak eta Karmeldar Oinutsen komentuak gainerako herriekiko desberdintasuna adierazi dute.

murgia3

Gaur egun, eta Murgian etxebizitza jarri duten pertsona-kopuru handia dela-eta, izugarri aldatu da hiribildua. Edonola ere, gune nagusiak (betidanik errepidearen bi alboetan egon dena) desberdin bihurtu duen itxurari eutsi dio.