Arlobiko Menhirra

KOKAPENA

Arlobi menhirra 2004ko martxoaren 20an aurkitu zuten Oier Suárez Hernando, Miguel Martínez Fernández eta Luis M. Martínez Torresek; hil hartan bertan, Arabazo Arkeologiako Museoak Arabako arkeologia-ondarera erantsi zuen. Aurretik, Luis Millánen zuzendaritzapean inguru haietan jardun zuten prospekziogile gipuzkoarren taldeak zenbait berri ekarri zituen arren, horiek ez ziren nahikoak izan monumentua ofizialki onartzeko. Aipatu beharra dago 2002ra arte eremu hura sastrakaz estalita zegoela eta, horregatik, zaila zela harria topatzea.

Monolitoa dagoen lekura iristeko, Gorbeiako (Sarria) Parke Naturaleko abegi etxetik abiatu behar da. Bertatik, Baias ibaiaren ondotik doan pista hartu behar da, Arlobiko zubiraino. Zubia utzi eta 30 bat metro iparralderantz eginda ibaia gurutza daiteke (sektore honetan, ibaiak Arralde du izena). Pista jarraitu behar da, maldan gora, Arlobiko txabolaren ondotik igaro eta izen bereko gailurrera heldu arte. Arlobi mendiaren (885m) ipar-ekialdetik 200 metrora, Illunbeko gainetik banatzen duen mendi-lepora jaisten gara pixkanaka, Usotegietatik beherantz doan kordalera, eta hementxe aurkituko dugu monolitoa.

 

Bere UTM koordenatuak (30N eremua) honako hauek dira: X-514066 / Y-4764543 / Z-871

 

Hortaz, ekialdera Padrobaso eta mendebaldera Arralde bailarak dituen mendi-lepoan dago menhirra. Horren ondotik Zuiako bailara eta Orozkokoa Austiarmineko pasagunetik elkartzen zituen mandazainen bide zaharraren adarretako bat igarotzen da. Eskala zabalduz, Mendebaldeko Lautadatik Arro Kantauriarrena doan sarbide naturala da, Badaiako mendilerroan dagoen Okako pasagunean eta Baias ibaiaren bailaran barrena.

Geologikoki, Albiarreko lur-eremuan kokatuta dago (Behe Kreetazeoa, 112-98 milioi urte) eta Goi Urgondarreko silizezko hareharrien paketea osatzen du. Hareharri horiek Gorbeia, Odoriaga eta Usotegietako hegoaldeko mendi-hegala osatzen dute eta iparraldeko eta ipar-ekialdeko mendi-hegaletan (Itxiñako mendigunea, Lekanda haitza, Urratxa…) dauden konplexu Urgondarreko arrezifezko kalizei gainjartzen zaizkie.

 

MONUMENTUAREN DESKRIPZIOA

Lur gainean, aurkitu zenean, Arlobiko menhirrak hareharrizko hiru zati zituen, IE-HMrantz begira, ortogonalak eta izkina kamuts samarrekin. Horien batez besteko lodiera 30cm-koa eta zabalera erregularra 60 cm-koa. IE zatiak 300cm neurtzen zituen, bitartekoak 100 cm eta HMkoak 80cm. Nabaria zen hirurak bloke bakarrari zegozkiola, apurtzelerroen profila aintzat hartuta. Belar-sastrakak garbitzeko lanek gainazalean arrastoren bat utzi zuten arren, monumentua kontserbazio-egoera onean zegoen.

Monumentuaren dimentsio errealak 480 x 60 x 60 cm dira. Neurri horiek kontuan hartuta eta batez besteko dentsitatea 2.500kg/m3-koa dela pentsatuz gero, horren pisua 4.250kg ingurukoa dela esan dezakegu.

Litologiari erreparatuz gero, ikus dezakegu arroka konplexu Goi Urgondarreko (Albiarra, 112-98 milioi urte) silizezko hareharri okre argiz osatuta dagoela. Ziur esan dezakegu Illunbeko gainean dauden hareharrizko banku handietatik datorrela, Usotegietako mendi-hegalean, egun kokaleku duen gunetik 500bat metrora. Azaleramendu horrek eta Arlobiko mendi-lepoak duten koten arteko aldea 100 metrokoa da eta, beraz, litekeena da arroka bi puntu horien arteko alde handiaren eraginez mugitu izatea.

 

 

INDUSKETA ARKEOLOGIKOA

Menhirrean orain arte indusketa arkeologikoko kanpaina bakarra egin da (2004ko abuztua) eta horrek berari buruzko datu interesgarriak ekarri dizkigu:

Lehenik eta behin, monolitoaren oinarriaren arrastora aurkitu zen, hego-mendebaldean; orduan, monolitoa oraindik lurrean partzialki sartuta zegoela ere egiaztatu zen. Horri esker, bere jatorrizko kokalekua ezagutu ahal izan zen; alegia, gaur egun duena.

Bigarrenik, eraikuntzako beste elementu bat bazegoela ere ikusi zen, bloke txikizko enkatxoak osatutakoa; estratigrafiari begiratuta, elementu hori monolitoari lotuta dago eta menhirraren oinarriaren ondoan dago kokatuta. Oinarri horren osagarri gisa har daiteke, bere inguruan dagoen harrizko eraztun baten formarekin; edo bestela, menhirraren ondoan kokatutako giza kokalekuaren aztarnatzat har daiteke.

Azkenik, material arkeologiko ugari bildu zen, batez ere silexeko tresnak (karrakagailuak, dentikulatuak, e.a.), horiek egiterakoan erabili gabe utzi ziren soberakinak, baita zeregin horretan aritzeko tresnak ere (harrizko eraunskailuak). Horretaz guztiaz gain, leundutako hareharrien zatiak eta fauna-, ikatz- eta okre-abarrak ere bildu genituen, guztia oso kantitate txikitan.

 

MONOLITOA ZAHARBERRITZEA ETA BERRIRO KOKATZEA

Zaharberritze-lanak egiteko, monolitoa Parkeko Etxera eraman zen.

Menhirra idulki horizontalaren gainean jarrita, gutxi gorabehera 4m-ko luzerako eta 33 eta 55 mm-ko diametroko lau zulo egin ziren. Horietan, 25 mm-ko “L” formako lau barra sartu ziren, burdina uhindu galbanizatuzkoak, eta zementu-esnea injektatu zen.

Menhirraren atalak finkatu ondoren, jatorrizko lekura eraman zen berriz ere.

In situ, menhirraren oinarritik kanporantz zeuden burdina galbanizatuzko hagatxoei 8 mm-ko biribileko bi parrilla lotu zitzaizkien. Garabiarekin, monolitoa bertikalki jarri zen, ustez hasieran zuen posizio berean, eta eskoratu egin zen.

Azkenik, 10.500 kg hormigoi lehor isuri ziren horretarako induskatutako zimendu-baoan, monolitoaren euskarria egon zen lekuan.

Hiru pieza handien artean materiala galtzen joan diren bi baoak zementuz eta silizezko agregatuarekin bete ziren; elementu horiek berezko harrian antzeman daitezkeenen antzeko goroldio eta likenak modu naturalean hazten lagunduko duela pentsatzen dugu. Horiek modu naturalean haziz gero, urte gutxi barru morteroaren eta berezko harriaren artean egun dauden alde kromatikoak berdinduta egongo dira. Monolitotik eroritako bi zati epoxi erretxinarekin itsatsi ziren.

Induskatutako eremua geotextila eta zabor-legarra erabiliz estali zen, aziko egiturak kontserbatu eta hurrengo indusketa-kanpainetan altxatu ahal izateko.

Bai eremu hori bai hormigoizko idulkia indusketa arkeologikoan bahetutako lurrarekin eta lanei ekin aurretik behar bezala metatu ziren jatorrizko belar-zotazalekin estali ziren.

 

IKERKETEN EGOERA

Ikerketa arkeologiko gehiago egingo dira Arlobiko monolitoaren inguruan, oraindik bi alderdi argitu behar baitira:

Bloke nagusiari lotutako eraikuntzako egiturak mugatu eta interpretatu gabe daude.

Monolitoa zein une kronologikotan eta kulturaletan eraiki zen zehaztu gabe dago.

Bi alderdi horiek argitu ondoren, beste zenbait konturi helduko zaio, besteak beste, monumentuari buruzko informazio eta ikas-materiala prestatzeari eta seinaleak jartzeari.