Jugatxi ibilbidea

Ibilbideak oso ondo zaindutako baso batean barneratuko gaitu; eta han ikusiko ditugu pago izugarriak eta haritz itzelak, ibilbidearen erakargarri nagusiak; baina ez bakarrak, hauek ere merezi baitute bisita: Zuia haraneko bistak, Gorbeiako mendiguneak, Jugatxi baselizak, Jugoko herriak, Murgiako herri-guneak, errota zahar batek eta karobi baten hondarrek.

Deskribapena

Jugatxi_IIbilbidea Murgia herriaren erditik abiatzen da. Bea-Murgia plazatik, elizari begira jarrita, Domingo de Sautu kalea hartzen da, Gasteizerako norabidean, eta Gurutze Gorriaren eraikinaren inguruetara iristen da. Eraikineraino iritsi aurretik eta behin azkeneko etxea atzean utzita, bide bat hartzen da eskuinera, Goba erreka gurutzatzen duen bidea hain zuzen. Metro batzuk aurrerago, eskuinera, errota dago eta, ezkerrera, garai bateko karobi baten aztarnak. Karobira iritsi baino lehen, aurreneko bidegurutzean, ezkerrera egin behar da, bide aldapatsu batean, beste bat eskuinean utzita.

Bideak haritz eta pago itzelen artean egiten du aurrera; haien artean, zenbaitetan, soilguneak ikusten dira, zuhaitzak moztearen ondorio. Soilgune horietatik  ikuspegi ederrak daude, Gorbeiako mendigunearenak alde batetik, eta Zuiako haranarenak bestetik; Zuiako haranean bereizten dira Ametzaga, Gillerna, Bitoriano, Murgia eta Murgiako mendiak. Ondoren, gehien markatuta dagoen bidezidorretik jarraitu behar da eta bi baso–bide zeharkatu, bat Jugatxi baselizatik gertu. Baselizaren inguruan olgetarako gune bat dago; han daude mahaiak, bolatokia eta bi iturri. Iturrietako bat joateko, berriz, 141 eskailera jaitsi behar dira.
Baseliza eder horren eskuinetik ondo markatutako pista batean behera egin behar da, Jugoraino eramango gaituena. Garbitegiaren ondotik eskuinera doan bide bat hartu behar da, aurrerago zementuzko pista batekin topo egiten duena(*); pista horretatik bide bat hartzen dugu, eskuinaldera, basoaldera doana, Jugoko azken baserrietako bat ezkerrean utzita.

(*) Bide hori hartu aurretik, nahi izanez gero, Jugo-ko elizabisita daiteke.Jugo_01_1

Errepidearen paralelo doan bidean jarraituko dugu gero, pago eta haritzez osatutako basoaren ertzetik, laboreak eta zelaiak ezkerrean utzita. Eskuinaldeko bi bide atzean utzi behar dira, hesituta dagoen bat ezkerrera laga, eta eskuinaldetik jarraituz beste bide batekin topo egin eta ezkerraldera jarraitu behar dugu. Igotzen den bidetik jarraitzen badugu, hau da eskuinaldera, aziendarako itxitura baino 100 metro lehenago, altuera handiko enbor lodi eta zuzena erakusten duen pago eder bat ikusiko dugu.
Labore eta zelaien paralelo doan bidea jarraituko dugu, eskuinaldera ateratzen diren bidegurutzeak utzita; Pagorantz doan sahiesbidearen 650 metrora dagoen bidegurutzera iritsi arte. Dagoeneko Murgiaren inguruetan gaude, eta han eskuinaldeko bidea hartuko dugu, aurretik bisitatutako karobira hurbilduz. Hortik errepidetik ezkerraldera jarraituko dugu, beheko auzotik igarota, plazara heldu arte.