Gorbeiako Parke Naturala

Zer da parke natural bat?

Parque_del_Gorbea_09Parke Naturalak gizakien ustiapenak edo okupazioak modu nabarian eraldatu ez dituen eremuak dira. Hona parke horien ezaugarriak: paisajeen edertasuna, bere ekosistemen ordezkagarritasuna edo bertako landarediaren, faunaren edo formazio geomorfologikoen berezitasuna… Parke horien baliabide naturalen probetxamendu ordenatua eta erabilera publikoa eta haien balore ekologiko, estetiko edo hezkuntzakoak iraunaraztea edo berreskuratzea bateragarri egiteko, aginte publikoek haiekiko lehentasunez jokatu behar dute.

Parkearen Deskribapena

20.016 hektareako azalerarekin, Gorbeiako mazizoa Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Natural handiena da. Azaleraren %62 Arabako aldean dago (Zuiako Koadrilako lurraldea). Horrela, bada, Araba eta Bizkaiaren arteko mugan kokatua, Gorbeia, dotore-dotorea, Kantauri eta Meditarraneoko isurialdeak bereizten dituen banalerroaren zati da.Ciervo

Zuiako Udalerrian parke honek 7350 ha. inguru okupatzen ditu (guztizko azaleraren %37a eta arabako zatiaren azaleraren %58a).

Altueraren (1.482 m) eraginez mendiko klima da nagusi, neguan sarritan izaten dira elurteak eta prezipitazio ugariko lurraldea da (>1.400 mm urtean). Mazizoa bera oztopo da haize hezeentzat eta, ondorioz, Hegoaldeko isurialdean prezipitazio gutxiago izaten da. Iparraldeko isurialde malkartsua ez bezala, higatuagoa, hegoaldeko isurialdeak muino itxura dauka.

Pagadi, harizti eta elordi zabalek estaltzen dituzte Gorbeiako magal eta bailarak. Altubeko bailaran barrena sartzen diren haize hezeei esker, ohizko altueratik behera hazi dira pagoak, eta horrek, nola ez, aparteko egiten du ingurua. Txilar, ote eta garoen kolore biziek ukitu alaia ematen diote eraldatutako basoari; ibaiertzetan, ordea, korronte bizien indarra moteltzen duten haltzak eta sahatsak aurkituko ditugu. Garai beroagoen lekuko, Bortal bailarako arte eta gurbitzak ditugu.Horrezaz gainera, Gorbeiako Arabako isurialdean interes geologiko handiko eremuak daude, besteak beste: Mairuelegorretako kobazuloak, Zigoitia udalerrian (Mairulegorretako galerietako batzuk Euskal Herriko sakonenetakoak dira, 12.340 metro luze); Goiuri-Ondonako ur-jauzia, Urkabustaiz udalerrian, 100 metrotik gorako ur-jauzi ederra (Altubeko bailararen goiko aldea da eta, gaur egun, hauxe da parkean gehien bisitatzen den lekuetako bat).

Parque_del_Gorbea_01

Gorbeian dute iturburua, halaber, Arabako ibai nagusienetako batzuk: Baias, Zuiako bailaran barrena; Zubialde, Zigoitiako bailaran; eta Undebe, Zigoitia eta Legutiano artean. Ibaiotan interes handiko espezieak aurkituko ditugu, hala nola, ur-zozoa, martin arrantzalea, muturluze piriniarra eta igaraba. Anfibio asko ere aurkituko ditugu bertan; esaterako: baso-igel iberiarra eta uhandrea. Inguru honetan dagoen aniztasuna eta aberastasuna kontuan hartuta, anfibioei dagokienez Euskal Herriko lekurik aberatsena dela esan beharra dugu. Altubeko hezegunea balio ekologiko handikoa da; urmael, zohikatzeko txilarrak eta zohikaitz berriak daude. Altubeko hezegunean anfibio askok aurkitu dute bizilekua eta jatorrizko baso zabalak ere badaude.

Haitzetara gerturatzean, horma-sugandila azkarra ikusi ahal izango dugu, bai eta sai zuriaren hegaldiak eta belatxingak ere haitz zuri-zuriko atzealdean nabarmenduta. Basoan aztorea eta gabiraia ikusteko aukera izango dugu, bai eta lepahoriaren edo basakatuaren presentzia antzeman ere, nahiz eta normalagoa izan biztanle ugarienarekin topo egitea, oreinarekin, hain zuzen ere. Dena dela, Gorbeia elementu natural eta paisaia ederra baino are gehiago da. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri bezalako mendiekin batera, Euskal Herriko mendi mitiko eta enblematikoetako bat dugu. Izan ere, Gorbeia ezagutzeko, bertoko legendak, artea, gastronomia, nekazaritza-ingurua, ohiturak… ezagutu behar ditugu. Parkean bizi den jendea ezagutu behar dugu, baldin eta zergatik dagoen hain ondo zainduta ulertu nahi badugu.Parque_del_Gorbea_nevado_05

Gizakia-natura harremana orekatua izan da eta oraindik ere hala da; izan ere, ingurune honetako baliabide naturalak mendeetan eta mendeetan ustiatu ondoren, oraindik ere ingurunea ondo zainduta dago eta, era berean, inguruarekin lotutako ondare kultural paregabeari eta sakon sustraitutako tradizioei ere eutsi egiten zaie.

Mendizaletasuna eta espeleologia dira jende gehien biltzen duten kirol eta aisialdiko jarduerak. Zuiako udalerrrian dago parkearen Arabako isurialdeko informazio eta harrera zentroa (parketxea). Era berean, Muruan (Zigoitia) Las Canteraseko aisialdi-gunea dago, Gorbeiaren gailurrerantzako abiapuntu nagusienetako bat. Beste ibilbide batzuk ere badaude, besteak beste, Zarate, Sarria/Markina, Altube (Zuia udalerrian) eta Baranbiotik (Altubeko bailara) gertu dagoen Garrastatxun dutenak abiapuntua.

Gorbeiaren gailurrean 18 metro luzeko burdinazko gurutzea dago, gailurrean eraikitako hirugarrena; Arabako herri abesti ezagunenetako bat gurutzearen omenez egindakoa da. Halaber, orientazio-mahai bat ere badago 1.475 metroko altueran. 80 cm-ko diametroa eta laba esmaltatuzko xafla daukan mahai honetan 106 mendiren izenak ikusiko ditugu; hain zuzen ere, tontorretik, egun argietan, lau norabideetan ikusten diren mendienak.

Bide zidorrak

Parque_del_Gorbea_07_1

Zuiatik abiatzen diren bize zidorrak:

Parkearen Administrazioa

Gorbeiako eremuak badu, 1994ko ekainetik aurrera, ekintza eta erabilpenak planifikatu eta arautzen dituen Gorbeiako Natura Baliabideak Antolatzeko Plana. Hain zuzen, orduan izendatu zuten parke natural, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Legean aurreikusitakoan oinarrituta. Parke natural izendatzearekin naturaren balioak sustatu nahi dira, bai eta inguruko eskualdeetako gizartea eta ekonomia garatu ere. Halaber, jendea naturari hurbilaraztea nahi da, betiere errespetuz eta txukuntasunez, bai eta guztiek naturaz gozatzea ere.

Gorbeiako Natura Baliabideak Antolatzeko Planak parke naturala hainbat eremutan banatzen du, babes mailaren eta baimendutako erabileren arabera: osoko erreserbak, erreserbak, babes zonak, kontserbazio aktiboko zonak, hobekuntza ekologikoko zonak, abeltzaintza eta basogintza sustatzeko zona, landazabalak eta hiri-zonak eta azpiegiturak. Bestalde, Itxinak babestutako biotopo kalifikazioa jaso du. Horrez gain, parkeak Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailea ere badu, eginkizunen antolaketa arauak definitzen dituen instrumentu zehatza. Planak hainbat gairi buruzko ildoak, araudiak eta ekintzak proposatzen ditu, hala nola, planifikazio hidrologikoa, floraren eta faunaren kontserbazioa, abeltzaintzaren kudeaketa, basogintza, ehiza eta arrantza, erabilera publikoa eta eraikuntzak eta azpiegiturak.

Parke naturalaren administrazioa Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiei dagokie. Era berean, hainbat sektoretako ordezkariz osatutako patronatu bat ere bada (Administrazioa, udalak, jabeak, basozainak, mendizaleak, kontserbazionistak), parkearen helburuak betearazteko.

Lotura interesgarriak

WEB ARABAKO FORU ALDUNDIA (INGURUMENA)