Anxoren kondaira1111

Erraldoi bat zen Anxo, Domaikian bizi zena. Begi bakarra zuen bekoki iletsu baten erdian. Gobako leizean bizi zen, Carrascal mendiko Iruratxiko haitzen artean baitago ezkutatua. Izututa zituen heritar guztiak: sustraietatik erauzten zituen zuhaitzak, jan egiten zituen abereak, lautu egiten zituen bere oin tzarrekin eraindako soroak… eta bidean aurkitzen zuen jendea ere hil eta jan egiten zuen. Jatekeria handia egin ondoren, luzaroan egoten zen bere gordelekuan, lotan eta jandakoa liseritzen.

Untitled_1
Carrascal menditik hurbil, Oroko Santutegirako bidean, Ostoran, San Migelen omenez egindako baseliza bat dago. Santu horrek zaintzen zuen Domaikia Anxoren erasoetatik. Erraldoia gosez esnatu eta bere sabel tzarra betetzera abaitzekoa zenean, San Migelek oinpeaan hedatzen zen laino baten bitartez jakinarazten zien Domaikiako herritarrei laster zela azaltzekoa erraldoi beldurgarri hura. Laino berezi hura ermita azpitik azaltzen zenean, laster abaiatzen ziren herritarrak Iruratxi inguruan zituzten abereen bila eta Arrato eta Urkimaituko mendi-hegaletara eramaten zituzten. Bazekiten hura zela sinalea, Anxo esnatu zela esan nahi zuela horrek.

Ziklop beldugarri hura zela eta askok alde egin zuten beste herri seguruago batzuetara. Aski gogorra baitzen bizitza nekazari gaixo haiena, beti euria noiz egingo eta noiz ez egingo zain eta basabereek uztak jan ez zitzaten erne, beste sufrimendu eta neke iturri bat izateko. Denok ez zuten uste ordea onena alde egitea zenik zeren, hartara, bere nahierara bizitzen jarraituko baitzuen eraldoiak, orain Domaikiakoen kontura, eta gero haren apeteei men egingo zien berte herri batekoen kontura.

Behin, beste askotan bezala, hutsik sumatu zuen bere sabel ikaragarria eta bidean aurkituko zuen edozein izaki bizidunen bila abiatzea erabaki zuen. Bere deabruzko ehizaldian hainbat abere harrapatu zituen. Zernahi zen ona haren sabela betetzeko. Harrapakinen artean, erraldoiak herriko gazte bat zeraman, Josetxo izenekoa. Josetxo artzaina zen; abereak Domaikiako mendietan zaintzen zituen eta askotan esertzen zen atseden hartzera Osotorako San Migel ermitaren oinean. Debozio handia zion San Migeli, bere zaindari nagusitzat baitzeukan etsaien aurrean. Anxok Josetxo harrapatu zuenean, batez ardi-larruz jantzia zegoenez, jateko zeramatzan ardietako bat zela pentsatu zuen. Leizearen sarrerara iritsi zenean, harrapatutakoekin poz-pozik, honela egin zuen oihu ozenki:

-“Zabaldu hadi txarranka!”

Artzaina aho bete hortz gelditu zen ikusi zuenean nola zabaldu zen haitz bat gordelekua agerian utziz. Hantxe sartu zituen harrapatutako guztiak, aita Domaikiako artzain gaztea ere. Leizearen barrutik honela egin zion oihu haitzari: “Itxi hadi txarranka!”.

Itxi egin zen leize-zuloa eta hantxe gelditu zen Josetxo bere etsai handienaren gordelekuan harrapatuta. Han hasi zen erraldoia bete-bete egin arte jateko asmoz. Jatekorik ez zitzaion falta. Mugitu ezinik utzi zuen beldurrak gaztea; eta halaxe egon zen, hilda bezala, mugitzeke, larru eta hezurren artean nahasia, ziklopeak egundoko oturuntza egiten zuen bitartean. Gero, Anxo larruz eta garoz egindako ohatzean etzan zen lasai-lasai deskantsatzera.

Jotxekok ikusi zuenean etsaia lo seko zegoela, konturatu zen huraxe zela alde egiteko unea. “Orain ala inoiz ez”, pentsatu zuen bere artean. Kontu handiz ateraino hurbildu eta hitz magikoak esan zituen:

-“Zabaldu hadi txarranka!”

Han zabaldu zen haitza eta erraldoiak ezer egiteko aukerarik izan baino lehen kanpoan zen gaztea. Arin-arin alde egin zuen, San Migelek inguran hedatu zuen lainoa aprobetxatuz. Erraldoia, nahasirik, zer gertatu zen ulertu nahian zebilen. Artzaiak ondo ezagutzen baitzuen inguru haiek eta salbu ikusi baitzuen bere burua Anxori burla egiten hasi zen. Anxo, lehen baino ere haserreago, ihes egiteaz gain burla egiten ari baitzazion, han abiatu zen haren atzetik pauso handiak eginez. Josetxok, ziklopearen oinkadak entzutean, Iruratxiko haitzen artetik egin zuen ihes. Haren atzetik joaten saiatu zen Anxo baina hala zihoala haitz estuen artean harrapatuta gelditu zen. Normalean aparteko eragozpenik gabe pasatu behar zuen handik baina egindako oturuntza zela eta ezinezkoa egin zitzaion oriangoan. Ezin pasa tripatzar harekin.

Mutikoa, etsaia han kateaturik ikusi zuenean, konfiantza berreskuraturik, berriro hasi zitzaion barreka. Egundokoak eta bi bota zizkion, bata bestearen atzetik, arin bai arin alde egiten zuen bitartean. Amorruaren amorruz gorritu egin zitzaion aurpegia Anxori, eta zuen begi bakarra irten egingo zitzaiola ematen zuen, hain zegoen haserre. Ez zitzazkion axola naturak egindako kartzela hartatik irteteko ahaleginean harkaitzetako ertzek egindako zauriak. Harrapatu beharra zeukan gazte lotsagabea.

Bitartean, hodei beltz batzuk hasi ziren eratzen zeruan. Josetxok uste zuenaren kontra, Anxok lortu zuen haitzen artetik ateratzea. Jantziak urratuta eta larruazala odoletan, han abiatu zen ziklopea gazte babesgabea harrapatzera. Lainoa izan arren, ematen zituen oinkada handi haiekin laster harrapatuko zuen artzaia. Arriskuan ikusi zuen orduan Josetxok bere bizia. Askotan lo egina zen San Migelen ermitaren gerizpean, debozio handia baitzion, eta sutsu erregutu zion arkanjeluari laguntzeko. Bazekien santuak ez beste inork ez zuela libratuko Antxoren mehatxutik. Damututa zegoen erraldoiari burla egin izanagatik. Ausartegi jokatu zuen. Bitartean, honela zioen nahigabeturik: “San Migel, zatoz niri laguntzera!” “San Migel zatoz niri laguntzera”.

Hasia zen ekaitza. Airean jartzen zituzten zeru-lurrak trumoi indartsuek. Josetxuren erregua entzutean, han azaldu zen San Migel gazte debotoari laguntzera. Itsutzeko moduko argi bat atera zen zerutik eta erraldoia eta gaztea zeuden lekura zuzendu. Josetxo aho-zabalik gelditu zen begien artean ikusi zuenarekin: San Migelek, tximistaren forma zuen ezpata eskuan, begi bakarrean emandako kolpe batez hil zuen Anxo.

Bakean biziko ziren aurrerantzean Domaikian.

Urtume-tik hartutako testu eta irudiak