“La Encontrada”-ko kondaira

La Encontradako baserria Zuiako haraneko Hego mendebaldean dago, Aperregiren jurisdikzioko lurretan, Baias ibaiaren ertzean. Han bada zubi eder bat, bere garaian Zarateko dorretxeetako bat izan zena. Burdindegi zahar bat dago bertan –hantxe daude oraindik haren hormak-, baita urtegia handi bat ere, bere garaian garrantzi handia izan zuena.

La Encontradatik hurbil baseliza bat izan zen, La Encontradako Santa Mariarena, Julio II.a Aita sainduaren 1508ko buldan aipatzen dena.
Baserria zegoen lekuan Gereñako dorrea egon zen  antzina, eta han sortu zen “La Encontradako Dorrea”-ren kondaira. Horma sendoko dorrea omen zen eta nabarmenak omen ziren goialdean zituen almenak. Bertan bizi ziren haraneko jaunak.

Blanca printzesa, Nafarroako Erreginaren alaba, Gereñako dorrean zegoen egun batzuk pasatzen. Zain zegoen bere anaia Karlos printzearekin, Nafarroako tronuaren oinordekoarekin, zer gertatuko zen, preso baitzeukan bere aitak, Juan Erregeak, Nafarroako tronua lapurtu zuenak. Anaiaren alde egin zuen Blancak eta, horregatik, jazarria izan zen bera ere.
Behin printzea aske utzi zutenean, arrebaren bila etorri zen bere ezkutariez inguratua, Araban zegoela iritsi baitzen haren belarrietara, eta haranean barna Gasteiz aldera zihoala, Gereñako dorrera iristean, arrebak anaia ikusi eta ezagutu zuelarik, korrika atera zen anaiaren bila eta honek ezagutu zuenean honela egin omen zuen oihu: “Encontrada!”.
Eta hala, anai-arrebon, Karlos printzearen eta Blanca printzesaren arteko topaketaren oroimenez, dorreari izena aldatu eta La encontrada jarri zioten, printzeak arreba ezagutzean bota zuen lehen hitzarengatik.
Biharamunean, Oroko Andre Mariaren Santutegira esker onez otoitz egitera joan ondoren, Gereñako dorreko jaunak promes egin zion handik aurrera Gereña izenaren ordez La Encontrada izango zela eta harez geroztik hala deitzen zaio.
1580.ean, Julian Iñiguez de Gereña, Carlos I. Erregearen aitoren semea, Iruñako Otxanda andrearekin ezkondua, azaltzen da La Encontradako dorrearen jaun eta gabe.