Zuia eta Baranbioko oilarrak

Aspaldi-aspaldi, liskar eta eztabaida asko izan ziren Zuia eta Baranbioko herritar eta artzainen artean bien arteko mugarriak zirela eta ez zirela. Edozein bizilagun edo artzainek aldatzen zituen nahierara mugarriak eta, horrenbestez, mendien arteko banalerroak eta, hala, hain handiak izatera iritsi ziren bi herrien arteko liskar, atsekabe eta eztabaidak, non akordio batera iritsi beharra izan zuten: mugarri berriak korrika aurrena iritsiko zirenek jarriko zituzten.

Zuiak, Baranbiok bezalaxe, jarri beharreko mugarri nagusi adina korrikalari izendatu zituzten.
Leku bakoitzetik eta bakoitzak aukeratutako oilarrak kukurruku egitean aterako ziren korrikalari gazteak aldez aurretik erabakitako mugetarantz eta ermandade bakoitzeko korrikalariak topo egingo zuten lekuan jarriko zen mugarri bakoitza.
Herritar guztiek nahi izan zuten parte hartu korrikalari gazte indartsu eta arinenak aukeratzen eta aukeratuak izan zirenak, betebeharrarekin harro, entrenatzen hasi ziren egun seinalatuaren zain.

Bazuten fedea beren korrikalriengan bai batzuek bai besteek ere, baina bazuten kezka handi bat: zein ordutan joko zuen oilarrak.

Oilarrari kukukurrukua ohi baino lehenago egiteko hainbat modu aztertu zituzten leku bakoitzean eta behin metodoa aukeratu zutenean ondo gorde zuten sekretua auzokoek jakin ez zezaten.
Zuiakoek erabaki zuten oilarrari jateko ona ematea eta ikuspegi onenenko lekuan jartzea, goizeko lehen argi-izpia azaltzean kukurrukuka has zedin eta korrikalariak lehenbailehen abiatu zitezen.
Baranbiokokek, berriz, oilarri oihi baino lehenago kanatarazi nahian, ardotan bustitako ogia eman zioten jaten, ustez eta hala lehenago kantatuko zuela. Egun seinalatuaren bezperan, Zuiako herritarrak Baranbiora joan ziren irteera orduan zer gertatzen zen ikustera eta Baranbiokoak, berriz, Zuiara etorri ziren gauza bera egitera.

Ermandade bakoitzeko herritar guztiak bildu ziren oso urduri eta estu, oilarrak noiz joko zain.
Zuiakoek behin oilarrak jo zuenean irrintziak eginez agurtu zituzten beren korrikalariak; animoak eta adorea ematen zizkieten egin beharrekoa lehenbailehen egin zezaten. Korrikalariok fede handiz eta pozik abiatu ziren, oilarrak oso goiz jo zuela ikusita.

Baranbion, berriz, bestelakoa zen egoera, auzotarren urduritasuna eta aurpegi txarrak ikusi besterik ez zegoen jakiteko asko atzeratzen ari zela oilarraren kukurrukua, ardotan bustitako ogiak nahi zutenaz bestelako eragina izan baitzuen. Han zegoen oilarra lo mozkorraldia pasatzen eta kukurruku egin zuenean eta gazteak mugarrietarantz korrika abiatu zirenean bazekiten ez zirela garaile izango.

Eta halaxe izan zen, ia Baranbioko sarreran bertan egin baitzuten topo Zuiako korrikalariekin eta hantxe jarri zituzten mugarriak.

Oilarra prestatzen asmatu izanagatik omen ditu Zuiak hain mendi-eremu zabalak, Baranbioraino iristen baita bere jurisdikzioa. Baranbiokoek, berriz, oso mendi gutxi dituzte. Egoera horrek auz asko sortu ditu mugarriei eta bazka-eskubideei buruz.