ZUIAN, EUSKARAREN ERABILERA, %5,8KOA

Zuiako Udalak hala eskatuta, Soziolinguistika Klusterrak 2016ko urrian neurtu zuen euskarak Murgiako kaleetan duen presentzia. 20 orduko neurketaren emaitzekin, txostena interesa duen edonorentzat dago eskuragarri.

Soziolinguistika Klusterrak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, bost urtean behin egiten du, Euskal Herri osoan, euskararen kale-erabileraren neurketa. Neurketa sistema honek badu jada 25 urteko ibilbidea. Hala ere, 2016ko urrian egin da lehenengo aldiz Zuian.

Neurketa egiteko erabiltzen den teknika “behaketa zuzenarena” da. Hau da: neurtzaileek, ezertxo ere galdetu gabe, herriko kaleetan zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jasotzen da. Horrela, neurketak modu zuzenean jasotzen du behaketa egiten den kaleetan euskarak duen presentzia.

Esan bezala, neurketa joan den urrian egin zen, Murgiako kaleetan (laginik adierazgarriena, hau da, jende kopuru handiena, bertan behatu ahal izaten delako). Bi astegunetan eta bi asteburutan jaso ziren datuak, goizez eta arratsaldez. Guztira, 622 elkarrizketa behatu ziren, eta 1.763 herritarrek osatu dute lagina.

Neurketaren emaitza orokorra, titularrean aurreratutakoa da: behatutako hiztun kopuru osotik, %5,8k erabili zuen euskara. %93,5ek erabili zuten gaztelania, eta %0,4k euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat.

Adinaren arabera, gazteak (15-24 urte) izan ziren euskara gehien erabili zutenak (%7,8). Ondoren, umeak (%7), eta, azkenik, helduak (25-60 urte artekoak, %6) eta adinekoak (60 urtetik gora, %1,7).

Adierazgarria da ondorengo datua ere: umeek, heldurik gabe, elkarrekin daudenean, edo helduak umerik gabe daudenean, erabilera oso baxua da, baina umeak eta helduak nahasian daudenean, %17raino igotzen da euskararen erabilera.

Datu guzti horiek, eta gehiago, hemen kontsultatu dezakezun txostenean daude jasota.

Estekak