Abeltzaintza eztabaidagai Zuian

Jada abian jarrita diren hiru esperientziak erakutsiko dute eredu berria posiblea dela abeltzaintzaren sektorean.

Zuiako udalak, Tokiko Agenda 21 programaren barruan eta, ekonomia zirkularra eta deshazkuntzaren inguruko gaiak lantzen ari den zuiarren talde batek proposatuta, jardunaldi bat antolatu du abeltzaintzaren sektoreari eskainia, kasu zehatzen bidez bestelako abeltzaintza eredu bat erakustearren.

Jardunaldi honetan zehar, abeltzaintza-sektorearen barruan martxan diren gertuko hiru esperientzia azalduko dira, beste modu batean ekoitzi eta lan egin daitekeela frogatuz, ingurumena gehiago errespetatuz eta abeltzainaren beraren onuraz.

Helen Groome, EHNE sindikatuko kidea, izango da esperientzia hauetako lehenengoa azaltzeko arduraduna. Hogei bat urte pasa ditu era askotako gaiak landuz baina, duela bost bat urte, VISTA ALEGRE BASERRIA gaztandegian du bere lana, Karrantzan, esnekiak modu ekologikoan ekoizten dituelarik.

Bigarren tokian, Mikel eta Aitorrek azalduko dute Jauregi baserrian garatzen ari diren proiektua Anitz herrian (Baztan). Lehengo abeltzaintzatik abeltzaintza-ustiapen estentsibora iragan zuten 2009. arte. Ordutik hona, abeltzaintza ekologikoa lantzen ari dira % 100ean esnekiak (jogurta, irabiatuak, esnea) eraldatu eta ekoizten, sei lanpostu sortuz, 28 esne-behi eta 35 hektarea dituztela.

Azkenik, Alfredo Alonso Lopezek Zarainenea baserrian, Villanbrosan (Araba) duen ustiapenaren esperientzia azalduko du. Baserritarren familiaren semea, 2010era arte nekazaritza konbentzionalean ziharduen abelburu asko eta anitzaz (40 behi, 12 behor, 90 ardi, erleak, haragi-ekoizpena eta abar) eta 200 hektarea laboretan. Ordutik, eredu ekologikorantz iragan da, gaur egun, eredu horretan dabilela, haragia eta pentsua zuzenean salduz.

Jardunaldi honen bidez, sentiberatu nahi da Zuiako gizartea gertuko kontsumoaren garrantziaz eta bertako eta inguruetako abeltzainengana jo nahi izan da zuzen-zuzenean, beste hautabide batzuk ere posible eta gauzagarri direla jakinarazteko, sektoreak bizi duen egoera latzari konponbide egokia jarriz.

Hitzaldiak datorren ostiralean izanen dira, martxoak 10 dituela, 18:30etan Zuiako udaletxeko bilera-aretoan, Murgian.

Fitxategiak