Zuia oroimen historia berreskuratu nahian

Zuiako udalak zenbait ekitaldi antolatu du oroimen historikoa berreskuratzeko, zinez sinisten baitu historia ezagutu eta jakin egin behar dela, orainaldian egokiro koka gaitezen eta etorkizunari errakuntzarik gabe aurre egin diezaiogun, herri libre eta solidarioaren biziraupena ezertan ere baldintzatu barik.

Helburu horrekin, urtero dei egiten duen Eugenio Murgia ikerketa-bekaren barruan, gai hori bera proposatu zuen oraindik bizirik dirauten pertsona gutxien lekukotasun zuzen edo zeharkakoak jaso eta, 36ko altxamenduaren aurrean edo geroko diktadura frankistan izandako bizipenak bildu nahian.

Hortaz, hala egin zen parte hartzeko baimena eman zuten pertsonen lekukotasunekin eta, iturri dokumentaletatik ateratako beste zenbait daturekin batera, martxoaren azken asteko asteburuan izango diren ekitaldien ardatz eta aitzakia izango den idazlana osatu zen.

Ekitaldiekin hasteko, “Oroimenaren ibilaldiak. Zuiako oroimen historikoaren berreskurapena” izeneko liburua aurkeztu eta azalduko du, berori egin duen Yohanna Mendez Rial egilearen eskutik. Hitzaldia Zuiako bibliotekan martxoak 23, ostegunean, Murgian, egingo da 19:30etan hasita.

Biharamunean, martxoak 24 dituela, ordu berean baina oraingoan udaletxean, “Post frankismoa eta trantsizioa pegatinetan (1975-1982)” izeneko erakusketa inauguratu eta bisitatu ahal izango da, Fernando Iñigo Aristu bildumazalearen eskutik. Ondoren, luntxa egingo da Euskal Herriko Urdaiazpikoa Ebakitzeko Maisu-Maistren elkarteari esker, bertako kide ere baita.

Erakusketa bi asteburutan zehar egongo da zabalik, apirilaren 2an, igandez, itxiko delarik. Hala ere, udalari deituta, taldeetarako bisitak egiteko hitzordurik egin ahal izango da.

Azkenik, larunbatean, martxoaren 25ean, omenaldia eskainiko zaie Aita Pauldarren lehengo komentuan kontzentrazio-esparru frankista izan zenean (1936-1940) kartzelatuta egondako pertsona guztiei. Monolito bat, auzokide batek musu truk tailatutakoa, instalatu eta inauguratuko da komentura sartzeko lorategietan. Ondoan, plaka bat jarriko da honako testu honekin: “Eraikin hau, Aita Pauldarren komentua zelarik, hau hiru urte eta erdiz (1936-1940) izan zen kontzentrazio-esparru frankista. Hiru bat mila pertsona egon zen bertan inolako epaiketarik izan gabe. Miseria, esklabutza, torturak, zigorrak… baten batzuek heriotza ere jasan zuten. Zuiako herriak omen egin nahi die pertsona hauei guztiei, gertatutakoa ahaztu ez eta euren askatasun-ametsa egia bihurtuko bada.”

Zuiako udalak garrantzia berezia eman nahi dio ekitaldi eta monolito honi. Hain zuzen ere, horregatik aukeratu du kokapen hori, matxinada faxistak eragindako sufrimendurik jasan izan zuten pertsona guztiei egindako omenaldi, oroigarri eta ikur moduan; areago, kontutan hartuta udalerriko eta inguruetako gazte asko eta asko bertatik iraganen dela ikastetxeetarako bidean.