BITORIANO-ORO ibilbidean egindako EKINTZA BANDALIKOAK SALATZEN DITUGU

 

  • Baimenik gabeko motordun ibilgailuek kalte larriak sortu dituzte ibilbidean zehar. Honez gain, ibilbidea markatzen duten poste eta seinaleak lurretik atera dituzte.
  • Ibilbide hau Zuiako natur ibilbideen zati da eta soilik oinezkoentzat edota txirrindularientzat zuzendua dago.
  • Udalak salaketa jarriko du agintari eskudunen aurrean.

 

Zuiako Udalak publikoki salatu nahi ditu abenduaren 25a eta 31a bitartean Bitoriano-Oroko ibilbidean egindako kalteak. Ibilbide hau udalak gure ondare naturala eta kulturala ezagutzera emateko eta bizimodu osasuntsua sustatzeko martxan jarritako proiektuaren barnean kokatzen da. Hala ere, abenduko azkeneko astean ibilbidea eta seinaleak hondatu dituzten bi gertakari izan ditugu.

Alde batetik, baimenik gabeko motordun ibilgailuekin zoruan kalte larriak egin dira, ibilgailu hauek sortzen dituzten gurpil arrastoek eragindako markak direla eta. Gogorarazi beharra dago ibilbide hau, beste asko bezala, soilik oinezkoei eta txirrindulariei zuzenduta dagoela. Motordun ibilgailuek  sarrera guztiz debekatuta daukate.

Bestalde, poste eta seinaleak lurretik atera eta apurtu egin dituzte.

Nabaria da gertakari hauek nahita eginak direla, beraz, Zuiako Udaletik publikoki jokabide hau salatu nahi dugu, biztanle guztion kalterako baita. Honez gain, jakinarazi nahi dugu agintari eskudunen aurrean salaketa jarriko dela, kaltea sortu dutenak identifikatzeko eta dagokien ardurak haien gain hartzeko.

Azkenik, errespetua eta gizalegea eskatu nahiko genuke gure udalerrian dugun ondarearen zein azpiegitura publikoen aurrean. Herritarrak, gure ingurua, mendia eta baliabide publikoak zaindu eta baloratzera gonbidatu nahi ditugu. Nola ez, mila esker jadanik egiten duzuenoi eta balore hauek transmititzen laguntzen duzuenoi.