EUSKARALDIA: gure webgunean jaso dezakezu Gorbeialdean egiten ari garenaren berri

2018aren amaieran olatu eder bat dator. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, euskaldunak aktibatzeko ekimen erraldoi bat ari dira antolatzen Euskal Herri osoko euskaltzaleak, Euskara Elkarteen Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Eta, Zuian ere, Gorbeialdeko gainerako udalerriekin batera, olatu hori hartzera goaz. Guzti horren berri izan nahi baduzu, estreinatu berri dugun webgunera jotzea besterik ez duzu:

http://gorbeialdea.euskaraldia.eus/

Azken neurketen arabera, euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari dira Euskal Herriko inguru ezberdinetan, eta Gorbeialdean ere nabaritzen dugu joera hori. Euskaraz hitz egiteko gero eta jende gehiago dago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Bi datuek horien arabera, euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daude.

Euskara gehiago erabili, eta praktika linguistiko berriak bultzatzeko, hiztunei prestakuntza- eta ahalduntze-tresnak ematea garrantzitsua izango da aurrerantzean. Helburua da herritar euskaltzaleak aktibatzearen bidez euskararen erabilera sustatzea.

Horretarako asmoa du Euskaraldiak. Euskal Herri osoko euskaltzale-taldeek, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaleon topagunearen laguntzarekin martxan jarritako ekimena da Euskaraldia: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskal Herri osoan egingo den aktibazio-ekimen erraldoia. Gorbeialdean ere martxan dago egitasmoa: sei udalerritan, sei batzorde eratu dira ekimena prestatzeko, eta guztien arteko harremanetarako Kuadrillako koordinazio-mahai bat ere martxan dago. Kuadrillako euskara zerbitzuen eta euskaltzale taldeen arteko lotura da egitasmoaren oinarria.

Euskaraldia ez da kanpaina bat, ezta euskararen aldeko jai bat ere: ariketa sozial bat da. Euskal hiztunen hizkuntza-harremanetan eragitea da helburua, hamaika egunez. Parte hartzeko, euskaraz ulertzeko gutxieneko gaitasuna izatea da muga. 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi (ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete) eta Belarriprest (gutxienez euskaraz ulertzen dutenak dira, eta beraiei euskaraz egiteko gonbidapena luzatuko dute) gisa jarduteko gonbidapena dakar Euskaraldiak, horrek hiztunen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotuko duelakoan.

Hemendik aurrerako hitzorduen berri izateko, izena emateko modua kontsultatzeko, sustatzaileak nor diren jakiteko... gure webgunean duzu aukera.