Iritsi da 2019ko ZUIA EUSKARAZ: Mugak gainditzera goaz!

Gainean dugu, beste behin ere, ZUIA EUSKARAZ ekimena: zuiar guztiok euskararen bueltan biltzen gaituen ekitaldi-sorta parte-hartzailea; gure herri-izaera azpimarratzen duen proposamena.

Aurten, iparrorratza eskutan hartu, eta mugaz bestaldera begira jarri gara. Izan ere, galdetzea bera ere ez baitago soberan: zein da gure iparra, eta zein da gure hegoa? Muga bat dugu tartean euskaldunok, eta horrek ez al digu mugaz beste aldera begiratzea bera ere oztopatzen?

 

Tradizionalki “Iparralde” edo “Ipar Euskal  Herria” deitu izan dugunera begira antolatu dugu, beraz, aurtengo Zuia Euskaraz. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako jendearekin loturak estutu nahi ditugu. Eta horretarako dugun biderik eraginkorrena gure hizkuntza da, euskara.

 

Mugaz bestaldera begira jarri gara, beraz, ekimen honekin. Lerro hauen bidez, antolatutako jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Adin eta gustu guztietarako programa antolatzen saiatu gara, euskara ardatz. Eta, bereziki nabarmendu nahi dugu, beti bezala, ekainaren 29an egingo dugun ZUIA EUSKARAZ EGUNA, Zuiako kultur taldeekin antolatzen duguna.