2020 URTERAKO UDAL AURREKONTUA, ONARTUTA

 

  • Zuiak udal aurrekontua onartu du 2020 urterako
  • 3'5 milioi eurokoa da, eta udalerriaren ingurumen eta ekonomia iraunkortasunaren aldeko apustua egiten du

Murgia, 2020ko otsailaren 10ra _ Zuiako Udalak bere azken osoko bilkuran onetsi du 2020ko udal aurrekontua, 3.522.236 eurokoa, hain zuzen ere. Onetsitako kontuak gobernu taldeak (EH Bildu) egindako proposamenaren emaitzak dira, eta bailarako kontzeju guztiekin garatutako parte hartzeko prozesuan sortu diren ekarpenak ere jasotzen dituzte.

2020ko aurrekontuak ahalbidetuko du eredu energetikoaren aldaketa prozesuan aurrera egiten jarraitzea, Zuiak azken 8 urteetan izan duen helburu estrategikoetako bat indartuz. Horrela, 50.000 euroko partida xedatu da hainbat udal-eraikinetan eguzki-plakak jartzeko,horien bidez energia elektrikoz hornitzeko. Aurten amaituko da, gainera, udaletxearen eraikinaren birgaitze integrala, zeinak Gorbeialdeko Kuadrillaren egoitza ere hartzen duen; bigarren solairua eraberrituko da, 70.000 euroko partida bati esker.

Aurtengo beste apustuetako batek aisialdi eta kultura eskaintza indartzea du helburu. 2019an zuiar guztiei irekitako Kultur Mahaia sortu ondoren, orain 56.000 € bideratu dira udalerrian gure aisialdiaz gozatzeko agenda bat diseinatzeko.

Berdintasunaren arloa ere indartu da, eta 8.000 euroko partida propioa izango du. Nabarmentzekoa da, halaber, bailarako herrietako kaleak mantentzeko eta irisgarritasuna hobetzeko egingo diren lanak; herri-batzarretan jasotako proposamena da hau eta 60.000 €ko diru sailarekin hornitu da.

Azkenik, 2020 honetan, beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuak babesteko eta hobetzeko konpromisoak indarrean jarraitzen du. Horretarako, 10.000 euroko partida bana bideratuko dira ikastetxeetan beharrezkoak diren inbertsioetarako, eta Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) eta beste behar batzuk osatzeko, gure herritarrek euren etxeetan bizitzen jarrai dezaten laguntzeko.

Unai Gutierrez Urkiza alkatearen hitzetan, 'kontu hauekin aurreko urteetan martxan jarritako ekintzak sendotu nahi ditugu, oso emaitza onak eman baitituzte. Eta, aldi berean, ekimen berriak bultzatu, betiere udal honen ingurumen eta ekonomia iraunkortasuna kontuan hartuta".