Indarkeria matxistaren biktimei premiazko arreta emateko baliabide eta zerbitzu guztiak martxan daude Euskadin


 

Emakundek gogorarazi du indarkeria matxistaren biktimei premiazko arreta emateko baliabide eta zerbitzu guztiak martxan daudela Euskadin

  • Koronabirusaren krisiak eragindako egoerara egokitu behar izan dutebabes-neurriak zorroztu behar izan dituztelako birusaren hedapena geldiarazteko
  • Bide telematikoak indartu dira, zenbait zerbitzu aurrez aurre eskaini ezin direlako

 

Murgia, 2020ko martxoaren 18a _ Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du, Covid-19aren ondorioz sortutako osasun publikoko larrialdi-egoerara egokitu behar izan badira ere, martxan daudela indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko euskal erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzuak. Osasun-larrialdia dela eta birusaren hedapena geldiarazteko, aurrez aurreko zerbitzu batzuk modu telematikoan eskaintzen dira, baina larrialdi-baliabideak eta zerbitzuak mantentzen direla bermatzen da, eta horren barruan sartzen dira indarkeriaren biktima diren emakumeei premiazko arreta eta harrera emateko zerbitzuak, osasun-alarmako egoera honetan segurtasun eta higiene neurri bereziak hartu behar izan badira ere.

Hala, biktimak artatzeko 24 orduko telefonoa aktibo dago (900 84 01 11), indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuak aktibo jarraitzen dute (bortxa telefonoa, genero-indarkerian espezializatutako ertzainak, segurtasun pribatua…), genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoaren eskaerak ebazten jarraitzen da (laguntza eskatzeko bide telematikoa irekita dago, eta deiei ematen zaien arreta ziurtatuta dago), bermatuta daude Biktimei Laguntzeko Zerbitzua eta arlo judizialeko laguntza osoa hiru lurraldeetan, emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak, genero-indarkeriaren biktimentzako doako laguntza juridikoko zerbitzuak, etxeko tratu txarren biktima diren emakumeentzako berehalako harrera-zerbitzuak, biktima diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak… Nolanahi ere, egoera aldian-aldian aztertuko da, beharrak identifikatzeko eta zerbitzuak eta baliabideak horietara egokitzeko.

Era berean, Emakundek, koordinazio-lanean, herritarrei ematen dien zerbitzuari eusten dio telefono bidez (945 01 67 02), bai eta posta elektroniko bidez ere (emakunde.zuzendaritza@euskadi.eus).

Emakundek gogorarazi duenez, bizi dugun alarma-egoera komunitario honetan ere, funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa. Hori geldiaraztea gizarte hau osatzen dugunon erantzukizun partekatua da, bakoitza gure erantzukizun-eremutik.