Zuiak, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekiko asperdura eta frustrazioa adierazi ditu

 

Murgia, 2020ko uztailaren 7a

Zuiako Udalak, beste behin ere, salatu du Hezkuntza Sailak behin eta berriz egindako iruzurra eta gutxiespena, Pauldarren eraikina eraberritzearren proiektuari dagokionez. Udalak 2016an erosi zuen eraikina, ahalegin ekonomiko handia eginda eta Cristina Uriarte sailburuak zuzentzen duen sailak eraikina erreformatzeko konpromisoa lortuta, bide luze eta nekagarri bat pasa ondoren. Lau urte geroago, Hezkuntzak ez du ezta erreforma proiektuaren erredakzioa ere esleitu, eta "2015ean gertatutakoa berriro bizitzen ari gara: hauteskunde kanpainan gaude eta dena emaitzen mende utzi dute", salatu du Unai Gutierrez Urkiza alkateak. "2020ko 7 hilabete hauetan – jarraitzen du – ez diete helarazitako informazio-eskaerei erantzun ere egin. Irakurketa argia da: Hezkuntza saila zuzentzen dutenek gezurra esaten digute, engainatu egiten gaituzte eta mespretxatu. Gobernariek landa-eremuaren alde esandako hitzak entzuten ohituta gaude, baina gero ez dute bat bera ere betetzen. Nahita, ez diete herriei zerbitzu publikorik eta azpiegiturarik eman nahi, despopulatzea saihesteko".

Horri guztiari gehitu behar zaizkio Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoetan egin nahi dituen murrizketak; zehazki, Haur eta Lehen Hezkuntzako 'Oroko Ama Birjina' ikastetxean egin nahi dituztenak. Datorren ikasturteari begira, matrikulak %20 jaitsi dira, eta irakasleak % 50 murriztuko dira. Eskola Kontseiluak bere gaitzespena adierazi du eta ohartarazi du neurri horrekin "ez dela bermatzen biztanleriak landa-ingurune bizilekutzat aukeratzea. Lehen aldiz, adin desberdinetako ikasleek tutoretza partekatu beharko dute".

Zuiako Udalak hezkuntza-komunitatearen ekimen eta eskaera guztiak babestu ditu. "Ez da onargarria COVID19ren krisiak eragindako aparteko egoeraren aurrean, gure ikasleek ikasteko dituzten zailtasunen aurrean eta irakasleen aparteko ahaleginaren aurrean, Hezkuntzaren erantzuna murrizketak izatea", amaitu du alkateak.

 

Oharra: Beheko pdf dokumentuan ikus ditzakezu 'Oroko Ama Birjina' ikastetxeko Eskola Konseiluak Hezkuntza Sailera bidalitako kexak.