Zuiako Udalak karpa bat jarri du gripearen aurkako txertaketa-kanpainarako

 

· Osasun Zentroak ez ditu lan horiek egiteko baldintzak betetzen gainerako erabiltzaileak artatzen diren bitartean, pandemiak ezarritako murrizketak direla eta

· Osakidetzaren erantzunik ez dagoenez, udalak bere gain hartu du instalazioaren alokairua


 

Murgia, 2020ko urriaren 13a _ Zuiako Udalak berogailudun karpa bat jarri du Osasun Zentroaren ondoan, gaurtik aurrera gripearen aurkako txertoa hartzera etortzen diren herritarrei arreta emateko, berme guztiekin.

Udalak hamarkada bat baino gehiago darama salaketa berberarekin: Murgiako anbulatorioak espazio faltak sortutako arazoak ditu, eta osasungarritasun eskasa dauka. Egoera hori larriagotu egin da pandemiarekin. Hori dela eta, osasun-langileek Osakidetzako euren arduradunei jakinarazi zieten txertaketa-kanpainan arazoak izango zirela, aldi berean gainerako erabiltzaileak artatzeko.
Euskal Osasun Zerbitzuak erantzun ez duenez, Zuiako Udalak irtenbide bat bilatu behar izan du. "Txertaketa-zentro gisa funtzionatuko duen karpa bat prestatu dugu, kanpainak irauten duen bitartean. Helburua da Zuiako herritarren segurtasuna bermatzea, beste erabiltzaile batzuekin nahastu beharrik gabe, eta kalean itxaron beharrik izan ez dezaten, izapide eta kontsulta batzuetarako orain gertatzen den bezala", azaldu du Unai Gutierrez Urkiza alkateak.
Udalak bere gain hartu du instalazioaren alokairuaren kostua, 2.500 € inguru, abenduaren amaierara arte.