Zer dira indarkeria matxistak?

Indarkeria matxista entzuten dugunean, indarkeria fisikoa, sexuala, edo emakumeen gorputzen kontrako jarrerak datozkigu burura, baina ba al da soilik hori indarkeria matxista? Zergatik gertatzen da? Zeintzuk dira indarkeria kasu bortitzenak edo erailketak eragiten dituzten eguneroko indarkeriak?

Sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina honen bidez indarkeria matxista bere osotasunean landu nahi da, hedabideetan estaldura gehien dituzten kasuz haratago joan.

Horretarako, indarkeria matxista eragin, indartu eta mantentzen dituzten mekanismoak ilustrazioen bidez definituko ditugu.

Genero-rolak eraikuntza soziokulturalak dira, eta, sexu biologiko jakin batean definituta egoteagatik, emakumeei eta gizonei "propiotzat" ematen zaizkien paperak, funtzioak, jarduerak eta ardurak zehazten dituzte. Rol horiek balio ezberdina hartzen dute, tradizionalki "maskulinoak" (lan produktiboa) tradizionalki "femeninoak" (erreprodukzio- eta zaintza-lana) baino hobeto baloratuak izan baitira.  

Genero-estereotipoak  gizonek eta emakumeek izan eta jokatu behar duten moduari buruz jendartean eskuarki onartzen diren ideiak eta sinesmenak dira. Jarrera horiek sinesmen faltsuak sortzen dituzte "gizon edo emakume izateak" dakarrenari buruz.

Diskriminazioa genero-rol eta -estereotipo horietan oinarritzen da neurri batean, mekanismo errazak eta eraginkorrak baitira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna mantendu eta indartzeko.