2021erako tasa eta zergen ordenantza onartu du Zuiako Udalak

 

Zerga gehienak izoztu egiten dira · Bakarrik igoko da Zaborren Tasa: %4, beraz etxe bakoitzak 3€ gehiago ordainduko ditu urtean · Ostalaritzak erdia ordainduko du · OHZri % 90eko hobaria emango zaio gehien zigortutako pertsona eta taldeentzat



Murgia, 2020ko urriaren 19a_ Osoko bilkuran onartu du Zuiako Udalak datorren urterako tasa eta zergen ordenantza, progresibotasun eta iraunkortasun irizpideetan oinarrituta. Araudia onartu da gobernu taldearen botoekin (EH Bilduk gehiengoa du 6 ordezkarirekin), eta udalerria bizitzen ari den egoera sozio-ekonomikoa aztertu ondoren.
Onartutako ordenantzak tasa eta zerga gehienak izoztuta mantentzen ditu eta 3 aldaketa erregistratu ditu:

· ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGAK. Arabako Foru Aldundiak 2021erako katastroko balioen txostena egin eta onartu ondoren, Zuiako Udalak OHZren balioak egokitu ditu, koefizientea 0,26tik 0,28ra igonez.. Aldaketa horien eta aurreikusitako hobarien ondorioz - gehien zigortutako pertsona eta kolektiboei laguntzeko, % 90era iritsi ahalko dira hobariak-, udalaren diru-sarrerak murriztu egingo dira datorren urtean.

· UR-TASA. Tasa izoztu egin da egungo prezioei eutsiz, baina kontagailuen irakurketa gehiago egingo dira. Urteko 2 irakurketen ordez, 3 egingo dira, bat lau hilean behin. Horrela, errazago aurkituko dira detektatu gabeko ihesak. Eta udan, urritasun handieneko hilabeteetan eta giza horniduraz bestelako erabileretara bideratzen den gehiegizko ur-kontsumoa zigortuko da. Aldaketa hau aho batez onartu zen.

· ZABOR-TASA. % 4 igo da; hots, etxe bakoitzak 3,07 € gehiago ordainduko ditu urtean hondakin guztiak bildu eta kudeatzeagatik. Igoera horri esker, zerbitzu horrek metatzen duen eta Zuiako Udalak bere gain hartzen duen % 32ko defizita murriztu ahal izango da; horren kostua ordaintzeko, etxe bakoitzak 25€ gehiago ordaindu beharko lituzke urtean.
Ostalaritzaren kasuan, % 50eko murrizketa onartu da 2021erako zaborren tasan, krisia gehien pairatzen ari den kolektiboetako baten egoera arintzeko.