Zuiak Eguneko Arretarako Landa Zentroaren kudeaketa Udalaren esku jarraitzeko prestutasuna adierazi du eta Aldundiari elkarlana eskatu dio zerbitzua bermatzeko

 

· Azken luzapena amaitu baino aste batzuk lehenago, premiazko bilera bat eskatu dio Gizarte Zerbitzuetako Foru Diputatuari, xehetasunak adosteko

· Unai Gutierrez Urkiza, alkatea: "Arabako Foru Aldundiaren proposamenik ez dugu jaso oraindik, eta, horregatik, iniziatiba hartu behar dugu eta gure herritarrei arreta hobea emateko irtenbide bat lortu"

 

Murgia, 2020ko azaroaren 13a_ Zuiako osoko bilkurak Eguneko Arretarako Landa Zentroaren kudeaketa Udalaren esku mantentzeko "borondate eta erabakitasun osoa" agertu zuen atzo. Gaur egun, hogei pertsona artatzen ditu zentro honek. Horrela dago jasota osoko bilkuran onartu zen mozioan. Bertan, Arabako Foru Aldundiaren menpeko beste erabiltzaile batzuk artatuko dituen baliabide mistoa izaten jarraitzeko asmo argia agertzen da.

Erabaki horrekin Zuiak oinarrizko zerbitzu horren kudeaketaren inguruko ezegonkortasun legalarekin amaitu nahi du, izan ere, Gizarte Zerbitzuen Legearen arabera Zuiako Udalari dagokio zerbitzu hori emateko eskumen esklusiboa eta, gaur egun, Arabako Foru Aldundiak kudeaketa honetan duen parte hartze urriak ez du enkaje legalik. Zerbitzuaren kudeaketa berregokitzeko Aldundiak proposamen bat egiteko konpromisoa hartu zuen baina, ondoz ondoko luzapenen ostean azkena amaitzear dago eta, gaur egun, Zuiako Udalak ez du fase berriari ekiteko proposamenik jaso.

Unai Gutierrez Urkiza Zuiako alkateak azaldu duenez, "gure ustez funtsezkoa den eta herritarren artean harrera ona duen zerbitzu hau eskaintzeko konpromiso sendoa dugu". Hori dela eta, "Arabako Foru Aldundiak zerbitzu hori segurtasun juridikorik gabe utzi du eta irtenbide egokia ematen saiatu behar gara", gaineratu du.

Egoera horren aurrean, Zuiako Udalak uste du beharrezkoa dela "erakundeen arteko lankidetza koordinatua eta etengabea, kalitatezko zerbitzua bermatzeko eta bi erakundeen interesak asetzeko gizarte-zerbitzuen kudeaketari dagokionez". Helburu horrekin, Zuiako Udalak "premiazko" bilera bat eskatu du Emilio Sola saileko buruarekin, zerbitzua emateko sortu behar den lankidetza instituzionaleko esparru berri horren xehetasunak adosteko, hala nola plazak erreserbatzea edo zerbitzua finantzatzea.
Bien bitartean, Udal Gobernuak beharrezko udal tramitazioa aurreratuko du zerbitzua nola eman zehazteko eta zerbitzu honen tasak zehaztuko dituen udal ordenantza egin eta onartzeko.