Parte hartu! Egin Zuia!

Aurrekontu parte-hartzaileak 2021

Zuiako udalak herritarren prozesu berri bat jarri berri du martxan, udal aurrekontutik 15.000 euro nola inbertitu erabakitzeko. Proiektuak bi helburu ditu: alde batetik, azken urteotan herritarrekin egin diren zuzeneko elkarretaratzeak nola edo hala ordezkatzen saiatzea, osasun-egoeraren erruz ezinezkoa izan baita. Bestetik, herritarrek parte hartzeko bide berri bat aztertu nahi du, eta, egokia balitz, hurrengo urteetan garatuko da gehiago.

Prozesua 2021eko urtarrilaren 15ean, ostiralean, hasiko da, eta urtarrilaren 25era arte egin ahal izango dira proposamenak (bakoitzak egoki leritzon guztiak egin ahal izango ditu). Ondoren, proposamenen bideragarritasuna baloratuko da eta zein bere lehentasuna ezarriko zaio. Amaitzeko, aurrekontuaren barruan sartuko dira, otsailaren 11rako aurreikusitako osoko bilkuran onartzeko.

Zer da?

Labur-labur...

Zuiako Udalak parte hartze prozesu bat jarri du martxan, eta herritarrek erabaki ahal izango dute non inbertitu udal aurrekontuaren zati txiki bat. Ekimen honen bidez, 15.000 euro bideratuko dira Zuiako bizilagunek egindako proposamenak gauzatzeko.

Lehenengo urratsa proposamenak jasotzea izango da. Ondoren, baloratu eta lehenetsiko dira. Azkenik, onartutako proiektuak 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan sartuko dira.

Udal aurrekontuak

Urte amaieran, udalak hurrengo urterako aurrekontuak prestatzen hasi egiten dira. Horietan oinarrituta, urteko plangintza eta sustatu beharreko ekimenak eta programak zehazten dira.

Azken batean, aurrekontu orokorrak dira udal baten dokumentu ekonomiko nagusia, bertan jasotzen baita garaian garaiko urteko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena. Hau da, aurrekontuetan zehazten da udalak kudeatzen duen diruaren jatorria eta xedea. Horrela, eta diru-sarreren aurreikuspenean oinarrituta, zenbatekoa, saila eta dirua zertan erabiliko den jasotzen da.

Udal aurrekontuak urte natural batean egongo dira indarrean, urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko dira.

Udalaren diru-sarrerak baliabide propioetatik datoz, hala nola bere ondaretik eratorritakoak, hala nola tasa eta zergetatik, bai eta kanpoko finantzaketa-iturrietatik ere.  Iturriok egonkorrak zein unean unekoak izan daitezke, normalean, aldi baterako proiektu finituei lotuta.

Zuiako udalaren gastuen kapitulua 3.150.000 eurotakoa da gutxi gorabehera. Gastu gehienak egiturazkoak eta iraunkorrak izan ohi dira; izan ere, neurri handi batean, udalak erakunde gisa funtzionatzea bermatzen dute eta udalerriko bizitza sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren sostengura daude bideratuta. Horregatik, urterik urteroko aurrekontuetan luzatzen diren partida jada konprometituak izaten dira. Ondorioz, aurrekontu osoaren % 10 baino ez da urterik urtera aldatzen dena eta, gehienbat, inbertsioen atalari dagokio.

Zuiako udalak, funtzionalitateari bereziki begiraturik, 2021erako inbertsio plana izeneko aparteko dokumentu bat osatu du aurten aurrekontu proposamenean.

Aurrekontuetan, beraz, tokiko politika ekonomikoaren lehentasunak islatzen dira, eta eragin handia dute komunitatean eta herritarren bizi-baldintzetan. "Aurrekontu parte hartzaileak" izeneko prozesuen bidez, gastu publikoari buruzko eztabaida eta erabaki-hartzea zabaltzen da herritarrek parte har dezaten. Horrela, herritarrei aukera ematen zaie udal aurrekontuaren zati batean eragiteko.

Hamaika dira mundu osoan zehar aurrekontu parte hartzaileen inguruan egindako esperientziak. Gure inguruan ere azkar hedatu dira. Gure kasuan, azken urteotan bilerak egin dira gure udalerriko kontzejuetan, herritarrek zalantzak argitu eta proiektuak eta hobekuntzak proposatzeko, eta, askotan, horiek gauzatzeko aurrekontuan txertatu dira.

Nola har dezaket parte?

Zuian hautematen dituzun beharrak helarazi eta udal aurrekontuan sartu beharreko proposamenak egin ahal izango dituzu.

Urtarrilaren 15etik 25era bitartean, zeure proposamenak aurkeztu ahal izango dituzu, horretarako prestatu eta beherago dagoen formularioaren bidez, eta, ondoren, udaletxean utzi edo azuia.general@ayto.araba.eus helbide elektronikora bidali.

Ondoren, proposamenak aztertu eta lehenetsiko dira. Jasotako proposamen guztiak gauzatzea bideragarria ez bada, udalerriaren beharretara eta proposamen guztiei aplikatuko zaizkien irizpide orokorretara ondoen egokitzen direnak hautatu beharko dira, esku-hartze eremuari, populazio onuradunari, bideragarritasunari eta abarri erreparaturik.

Proposamenak baloratzea udalaren zeregina izango da eta ordezkari politikoak arduratuko dira jasotako proposamenak baloratzeaz. Udalbatzak erabakitako baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak kendu edo baztertuko dira.

Proposamenak baztertzeko irizpideak:

Kendu edo baztertu egingo dira honako irizpide hauek betetzen ez dituzten proposamenak:

  • 2021eko udal aurrekontuetan jada jasota dauden proposamenak edo gauzatzen ari direnak.
  • Kudeaketarekin lotutako proposamenak, aurrekontu zehatzik ez dutenak.
  • 2021eko aurrekontu parte hartzaileen aldia gainditzen duten proposamenak, urte anitzeko edo hurrengo urteetako gastuak barne hartzen dituztenak.
  • Udalaren eskumenekoak ez diren proposamenak (Foru Aldundiarenak, Euskal Gobernuarenak, etab.).
  • Erabakiak hartzeko beste gune batzuei dagozkien proposamenak (Kuadrilla, Partzuergoa).
  • Lege-arautegiarekin kontraesanean dauden proposamenak.
  • Interes orokorraren aurka, pertsona edo erakunde jakin baten onurarako diren proposamenak.
  • Teknikoki bideraezinak diren proposamenak.

Bete beharreko baldintzak:

Zuian erroldatuta dauden 16 urtetatik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute.

Zure burua identifikatu beharko duzu erroldatuta zaudela eta 16 urte baino gehiago dituzula egiaztatzeko.

Ohiko galderak

Nork har dezake parte prozesu honetan?

Zuian erroldatutako 16 urtetatik gorako pertsonek har dezakete parte.

Zer behar da parte hartu ahal izateko?

Parte hartzeko ez da aldez aurreko jakintza berezirik behar.

Zure egunerokoan hainbat udal zerbitzu, azpiegitura eta baliabide erabiltzen dituzu.

Hori dela eta, inork baino hobeto ezagutzen duzu zure udalerria, bertatik bertara, eta ezagutza horrek, era berean, Zuiaren beharrak identifikatzeko bidea errazten dizu.

Zenbat diru bideratuko du udalak prozesu honetara eta nola banatuko da?

Udal aurrekontuak bi zatitan egituratzen dira: gastuen kapitulua eta inbertsioen kapitulua. Partehartze-prozesu hau gastuen kapituluari dagokio, beste ezeri ez.

Zuiako udalak 15.000 euro gorde ditu 2021eko aurrekontuetarako.

Zer proposa dezaket?

Inbertsioekin zerikusia duen edozein proposamen egin dezakezu, hau da, udalak eraiki edo eros dezakeen zerbait, bai eta berritu ere. Funtsean, inbertsioak azpiegiturak sortzera eta udal zerbitzuen funtzionamendurako beharrezkoak diren ondasun inbentariagarriak erostera edo sortzera bideratutako gastuak dira.

Horrez gain, beste mota bateko proposamenak ere egin ditzakezu, baldin eta urtebetean egin badaitezke, denboran gehiago luzatu gabe.

Nolakoa behar du nire proposamenak?  Nola idatzi behar da?

Deskriba ezazu zeure proposamena hizkuntza errazaz, zeure hitzak erabili. Hala ere, zenbat eta zehatzagoa izan eta zenbat eta informazio gehiago eman, orduan eta errazagoa izango da balioestea eta lehenestea.

Eman, mesedez, zeurekin harremanetan jartzeko informazioa, proposamenaren alderdiak edo zalantzat kontsultatu edo sakondu ahal izateko.

Zenbat proposamen egin ditzaket?

Ez dago inolako mugarik. Nahi beste proposamen egin ahal izango duzu.

Elkarteek edo taldeek parte har dezakete?  

Proposamena norberaren izenean egin ahal da, banako gisa, zein elkarte moduan. Alabaina, balio bera izango dute batzuek zein besteek.

Norengana jotzen dut zalantzak baditut edo gorabeheraren bat sortzen bazait?

Udaletxera gerturatu ahal zara, 656 759 461 telefonora deitu edo azuia.general@ayto.araba.eus helbidera idatzi.

Zeintzuk dira gogoratu beharreko datak?

Proposamenak egiteko epea 2021eko  urtarrilaren 15ean hasi eta urtarrilaren 25ean amaituko da.