3,5 milioiko gastua izango duaurrera atera da EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, ZGBren abstentzioarekin eta PPren aurkako botoarekin

Zuiako Udalak aurtengo kontuak onartu ditu. 3.515.151,36 €ko balioko aurrekontua da, eta aurrera atera da EH Bilduren (gobernu taldearen) eta EAJko ordezkarien aldeko botoekin. ‘Zuiak Batzen Gaitu’ (ZBG) tokiko taldea, aldiz, abstenitu egin da eta PPk aurka bozkatu du.

Onartutako dokumentua gobernu taldeak herri batzordeekin eta udal batzordearekin egindako hainbat bileraren ondorioa da. Izan ere, aurrekontu ‘kontinuista’ da, alkatearen hitzetan. Unai Gutierrez Urkizak azaldu duenez, ‘ez da gastu handirik egongo aurten. Batez ere, 2018 honetako lehenengo 6 hilabeteetan garrantzi handiko lanak bukatu beharko ditugu, Murgiako Domingo de Sautu kaleko azpiegituren berrikuntza eta pabimentazioa, hain zuzen ere’.

Inbertsio nagusiak aipatzeagatik, San Martin kalean lurperatutako edukiontzien eremua berrituko da (50.000 €), kaleko gimnasio bat eraikiko da (36.000 €) eta Bea Murgiako plazako jolastokian estalki bat jarriko da (40. 000 €). Izan ere, beste 60.000 € esleitu dira Palatuko kirol gunea berritzeko eta handitzeko proiektua kontratatu ahal izateko (kiroldegiaren berritze lanak egingo dira bakarrik 2018-2019ko Foru Planaren diru-laguntza lortuz gero).

Azkenik, 2018ko aurrekontuaren berritasun nagusiei dagokionez, udalak diru-laguntzak emango ditu Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EITa) egiteko, 50 urtetik gorako etxebizitza guztiek derrigorrez egin behar dutena; eta bailarako etorkizuna planifikatzeko asmoz, inkesta bat egingo du hainbat gai estrategikori buruzko herritarren iritzia ezagutu ahal izateko.