Zuiako Udalak indarrean duen Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan, udalerriko askotariko esparruen baitan, hainbat eta hainbat ekintza, jarduera eta programa egiten ditugu. Hona hemen zenbait adibide:
- KULTURGINTZA: udaleko gainerako zerbitzuekin elkarlanean, euskarazko kultur eskaintza anitza, parte-hartzailea eta kalitatezkoa programatzen dugu. Musika emanaldiak, antzerkiak, bertso-saioak, era guztietako hitzaldi eta solasaldiak...
- TRANSMISIOA: belaunaldi berriek euskara modu naturalean eta aberatsean jasotzeko, familiei zuzendutako hainbat programa ditugu martxan, udalerriko hezkuntza-zentroekin (Virgen de Oro Eskola, Murgia Institutua) eta gainerako eragileekin elkarlanean.
- AISIA ETA KIROLA: zuiarren aisialdiko jardueretan euskararen presentzia areagotzeko ahalegina egiten dugu, eta udalaren kirol-zerbitzuekin eta udalerriko kirol-klubekin elkarlanean ere ari gara.
- HIZTUN BERRIAK: Zuiako Gau Eskolaren ekimenez, euskara eskolen eskaintza antolatzen dugu ikasturtero, eta matrikulazioari laguntzeko beka-sistema bat ere badu udalak. Gorbeialdeko Mintzalagun programan ere parte hartzen dugu, ahozko erabilera lantzeko taldeak antolatuz. Horiez gain, hiztun berrientzako espazio erosoak sortzeko lan egiten dugu, hainbat ekitaldi antolatuz (Zuia Euskaraz, Korrika kulturala...) eta bestelakoetan parte hartuz (Euskaraldia...).