Zuiako Udalaren erabakiak maiatza eta ekaineko gainerako kultura jarduerei ere eragin dieEgoerak baimentzen badu, udazkenean ekingo zaie ekintza horiei guztieiMurgia, 2020ko maiatzaren 13a_ Zuiako Udalak erabaki du atzeratzea maiatzerako eta ekainerako aurreikusitako kultur jarduera guztiak. Horien artean, nagusiena: Zuia Euskaraz. COVID 19aren krisiaren ondorioz hartu du erabakia, noski, jarduera horiek segurtasunez egiteko baldintzarik ikusten ez duelako.
Hala ere, ahal den neurrian eta egoerak baimentzen badu, udazkenean egin nahi ditu udalak jarduera horiek guztiak. Aurten, hain zuzen ere, krisia hasi aurretik, kalitatezko programazio zabala diseinatuta eta lotuta zuten jada Kultura eta Euskara udal sailek. “Lan hori guztia ez galtzeko, Kultur sektoreari laguntzeko, eta herritarrei aisialdiaz gozatzeko aukerak eskaintzeko asmoz, aurreikusitako ekitaldiak udazkenean egiten saiatuko gara, formatu txikiagoari egokituta. Aldi berean eta pena handiz, Zuia Euskaraz Eguna 2020an ez da egingo: ez diogu zentzurik ikusten udazkenera atzeratzeari”, azaldu dute teknikariek.
Hala ere, udaleko Kultura eta Euskara atalak eta udalerriko lan taldeak lanean ari dira, hurrengo hilabeteak ‘hutsik’ geratu ez daitezen. “Aurreikusita dago gure udalerrira, besteak beste, Pirritx eta Porrotx eta Marimotots, Tio Teronen Semeak taldea, Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolariak… etortzea. Datak baieztatu bezain pronto, jakinaraziko ditugu. Eta beste modu batean, baina Zuia Euskaraz presente egongo da aurten ere. Sorpresatxoren bat prestatzen ari gara”, aurreratu dute.
 
Beti bezala, hitzordu guztiak aditzera emango dira Zuiako Udalaren kanal guztietatik:
· www.zuia.eus udal webgunea
· www.facebook.com/ZuiakoUdala
· @ZuiakoUdala twitterren
· eta Udal Zabalkunderako Sarea bidez (Zuiako berriak, kultura eta kirol deialdiak, lan-eskaintzak, udal-bandoak… zure helbide elektronikoan. Izena emateko, jarraitu hurrengo esteka: http://eepurl.com/gYUjMD)