Zortzi urte baino gehiagoan zerga eta tasen gehiengoa izoztuta egon ondoren, Zuiako Udalak hiru 3 tasa eta zerga 1 igo ditu. Gainerako zerga eta prezio publikoak ez dira igoko; batzuen kasuetan, aldiz, hobariak handiagoak izango dira. Hala eta guztiz ere, herritarrek jasotzen ditugun zerbitzuengatik ordaintzen duguna eta udalak pagatzen duen kostuaren arteko aldea handia da.

 

Oro har:

• Zergen artean, bakarrik Ibilgailuena igoko da. Eta hori, gutxienez 8 urtez izoztuta egon ondoren. Ibilgailuen Zergak % 0tik % 8ra bitarteko igoera izango du, zaldi fiskalen arabera. Igoera handienak suposatuko du urtean 11'35 € gehiago ordaintzea. Traktore, autobus eta kamioien kasuetan, 2019an bezala mantenduko da

• Lehen graduko heriotza-kasuak Gainbalioen Zergatik salbuetsita egongo dira

• Ura, Estolderia eta Arazketaren Tasa % 10 igoko da. Horrek esan nahi du, 2'52 € gehiago ordaindu beharko dela urtean 100 metro kubikoko kontsumorako, adibidez

• Instalazio eta kirol jardueren prezioek bere horretan jarraituko dute. Berdin gertatzen da kultur jarduerekin


Murgia, urriaren 31a_ Urriko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin eta Zuia Bai eta Alderdi Popularra taldeen aurkakoekin, Zuiako Udalak 2020rako Ordenantza Fiskala onartu du; hau da, hainbat zerbitzuren tasak, zergak eta prezio publikoak arautzen dituzten arau fiskalak. Horiek guztiak diru iturri garrantzitsuak dira, udal aurrekontuaren herena baino gehiago ekartzen baitute. Horien bilketari esker posible da zerbitzuak ematea, diru-laguntzak ordaintzea eta inbertsioak egitea.

Azken 8 urteetan, kasu zehatz batzuetan izan ezik, ez da aldaketarik edo igoerarik izan zergetan. Tasa eta prezio publikoei dagokienez, igoera txikiak izan dira. Emandako zerbitzuen kostua, aldiz,  etengabe hazi da eta, gainera, berriak ezarri dira. Horrek guztiak gastu arrunten igoera ekarri du. Datorren urterako, 2020rako, hainbat aldaketa onartu dira. Hurrengo hauek dira:

ZERGAK - Ibilgailuen Gaineko Zerga bakarrik igoko da. Gainerakoak 2019an bezala mantenduko dira.

Ibilgailuen Gaineko Zerga _ Lehen zatia izoztuta mantenduko da eta gainerakoa pixkanaka igoko da % 8ra ailegatu arte, zaldi fiskalen arabera. Honen ondorioz, orain 43'16 € ordaintzen duten 8 eta 12 arteko zaldi fiskalen ibilgailuek, 44'02 € ordainduko dituzte datorren urtean. Igoera, beraz, 0,86 eurokoa da.

Igoera handiena 20 zaldi fiskal baino gehiagoko ibilgailuetan gertatu da. Orain arte 141'90 € ordaintzen zituzten, eta 2020tik aurrera 153'25 € ordainduko dituzte; hau da, urtean 11'35 € gehiago. Traktore, kamioi eta autobusen zergak, berriz, izoztuta jarraituko du eta 2019ko kantitate berdina ordaindu beharko dute.

Esan beharra dago, era berean, igoera egongo den arren, Zuia beste udal askoren azpitik dagoela zerga honi dagokionean.

Azkenik, 25 urtetik gorako ibilgailuei ordaintzeko salbuespena kendu da. Adinagatik, gainerakoek baino gehiago kutsatzen dute, beraz, ez da arrazoirik ikusten salbuetsita egoteko.

OHZ, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga_ Ez da aldatuko, oraingoz. 2019an zehar, Arabako Foru Aldundia Zuiako ondasun eta higiezinen katastroko balioak berrikusten ari da. Beraz, udalak uste du emaitza horien zain egon behar dela, edozein aldaketa planteatu aurretik.

Onartutako aldaketa bakarrak Eusko Jaurlaritzaren alokairu-planen baten barruan dauden higiezinentzako hobariarekin du zerikusia. Kasu horietan, udalak % 50eko hobaria emango dio OHZri. Aitzitik, etxebizitza hutsen (Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Legearen definizioaren arabera) OHZ % 50 gehiago kargatuko du. Neurri hauekin, udalak bilatzen du etxebizitza horiek alokairu-merkatura ateratzea, hutsik ez geratzea, eta gure herrien despopulatzearen aurka borrokatzea. Aldundiak berak duela zenbait urte onartutako neurria da eta Euskal Herriko zenbait udalek aplikatzen dute dagoeneko.

Gainerako zergak_ Gainerako zergetan aldaketak izan dira hobarietan, baina ez, berez, zergan. Garrantzitsuena  Gainbalioen Zergan aurkitzen dugu: % 100en hobaria (edo salbuespena) ahaidetasuneko lehen graduan, heriotzagatiko eskualdaketa edo herentzia kasuetan.

 

TASAK - Europan indarrean dago tasen bidez emandako zerbitzuaren gastua berreskuratzera behartzen duen zuzentarau bat, baina oso administrazio publiko gutxik betetzen dute. Gure udalerrian, tasen bidezko bilketa (ura, arazketa, zaborrak…) oso urrun dago zerbitzu horiek dakarten gastua estaltzetik, defizitarioak baitira.

2020ko udal Ordenantza Fiskalera itzuliz, % 10eko igoera onartu da Uraren Hornidura, Estolderia eta Arazketa Tasan. Gobernu taldearen arabera,  "igoeratik haratago, beharrezkoa da hausnarketa bat egitea, erantzukizunetik abiatuta, zerbitzuen benetako kostuari buruz, zergadun gisa egiten dugun ekarpenaren zenbatekoari buruz eta trukean jasotzen dugunari buruz".

Ur-hornidura_ Onartutako igoerarekin, gaur egun sei hilabetean 50 metro kubiko (m3) kontsumitzeagatik 12'60 € ordaintzen dituen pertsona batek, datorren urtean 13' 86 € ordainduko ditu; hau da, 1'26 € gehiago seihilekoan edo 2'52 € gehiago urtean. Urteko igoera, beraz, ez da 3 eurora iristen.

Ur kantitateari dagokionez, 50 m3 50.000 litro dira; hau da, 1.000 litroko 50 bidoi, gure baratze askotan ikusten ditugunak bezalakoak.

Preziora itzuliz, taberna batean, afari-egun batean, hanburgesa eta edari batengatik ordaintzen dugunaren antzekoa, hain zuzen ere.

Uren Arazketa_ Beste horrenbeste gertatuko da gure etxeetatik ateratzen diren hondakin-uren arazketarekin. Gaur egun, etxebizitza batek 7'5 € ordaintzen ditu, sei hilean behin, 50 metro kubiko hondakin-ur arazteagatik. Igoerarekin 8'25 € ordainduko ditu; hau da, 0'75 € gehiago seihilekoan edo 1'50 € urtean.

Zabor Bilketa_ Zaborren tasan % 4ko igoera onartu da. Hori dela eta, etxebizitza bakoitzaren urteko ordainagiria gaur egungo 73'76 €-tik 76'71 €-ra igaroko da datorren urtean; hau da, 2'95 € gehiago urtean. Honen harira kontuan hartu behar da - Arabako Hondakinen Behatokiaren arabera - Zuiako biztanle bakoitzak, batez beste, 320 etxeko hondakin kilo sortzen dituela urtean. Tasa, ordea, etxebizitza bakoitzagatik ordaintzen da, bertan bizi direnen kopurua kontuan hartu barik. Esate baterako, 3 lagunekin etxebizitza batean hondakinen kopurua 960 kg-ra iritsiko litzateke, ia tona bat urtean. Etxebizitza horretan zaborra erretiratzeko eta kudeatzeko gastuak hirukoitza izan arren, kasu guztietan zenbateko bera ordainduko litzateke (aipatutako 76'71 € horiek).

Aipatzekoa da, halaber, udalak aplikatuko duen % 4ko igoera hori, Jundizko tratamendu-plantan gure hondakinak isurtzeagatik ordaintzen ditugun tasek izango duten gorakadaren ondorioa dela. Eta baita zaborra kentzeko esleipen berriaren kostu handiagoarena ere.

Prezio Publikoak_ Azkenik, instalazio eta kirol jarduerak erabiltzeko Prezio Publikoak izoztuko dira, eta Musika Eskolakoak ere bai. Udalbatzaren gehiengoaren arabera, diru-sarrerak baino gastu gehiago dituzten zerbitzuak izanik ere, eta herritar guztientzat eskuragarriagoak izan daitezkeelako, egungo egoera ekonomiko onak kulturan eta kirolean inbertitzeko aukera ematen du.

 

Bide batez, zeina da zerga eta tasen arteko aldea? zergak dira, trukean zuzeneko zerbitzurik jaso gabe, zergadunek nahitaez ordaindu behar ditugun diru kopuruak (OHZ, Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga …). Tasak, aldiz, zerbitzu konkretu baten truke ordaintzen dira (zaborrak kendu eta kudeatzea, arazketa edo ur-hornidura …).