· Zuiako Udalak 2.000 €ra arteko laguntza zuzenak eta interesik gabeko maileguak enpresentzat, eta 1.000 €ra arte ABEEEak edo kaleratzeak jasan dituzten familientzat ezarri ditu· "Egoera ekonomiko ona dugu udalean, kudeaketa eraginkorraren ondorioz. Gure herritarrei laguntzeko unea da orain”, adierazi du alkateak
Murgia, 2020ko ekainaren 15a _ Azken osoko bilkuran, EH Bilduk gobernatzen duen Zuiako Udalak, COVID 19k lan-arloan kaltetutako familiei, langile autonomoei eta udalerriko merkataritzari zuzendutako hainbat laguntza onartu ditu. Subentzioak 430.000 eurokoak dira guztira, eta pandemiak eragindako krisi sozial, sanitario eta ekonomikoa gainditzen lagunduko diete.
Hala, 20.000 euroko partida ezarri da familia ahulenentzat. Kaleratze edo ABEEE batek (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak) 2 hilabetez gutxienez eragindako kideren bat duten familiek 1.000 €ra arte jasoko dituzte, kideen arabera, ordainketa bakarrean.
Beste 60.000 € esleitu dira Zuian kokatutako txikizkako merkataritzak, ostalaritzako establezimenduek, jatetxeek edo norberaren konturako langileek – autonomoek –, enpresek eta sozietateek dituzten egiturazko gastuetarako. Laguntza horrek balioko du, adibidez, zaborrak biltzeko eta terrazak eta mahaitxoak espazio publikoa okupatzeko 2020ko tasa ordaintzeko.
Gainera, Alarma-estatuaren ondorioz jarduera eten behar izan dutenek beste 150.000 € eskuratu ahal izango dituzte itzuli beharrik gabeko zuzeneko laguntzetan. Eta irekita egon arren, oinarrizko zerbitzutzat jo direlako, diru-sarreren % 30etik gorako jaitsiera izan dutenek ere bai.
Azkenik, Zuiako Udalak beste 200.000 euro esleitu ditu interesik gabeko aurrerakin itzulgarrietarako, 5 urteko itzulketa-epearekin, merkataritza, enpresa eta profesional autonomoentzat.
"Zuiako Udalak egoera ekonomiko ona du, kudeaketa eraginkor eta arduratsuaren ondorioz. Une honetan, soberakin hori gure herritarrei laguntzeko erabili behar dugu", azaldu du Unai Gutierrez Urkizak, alkateak.
Diru-laguntzen programa hau aho batez onartu da. Eta gobernu-taldeak kaltetutako kolektiboekin eta udalbatzako gainerako alderdiekin batera eraman duen lan-prozesuaren emaitza da.
Subentzioak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto, eskatzeko epea irekiko da. Orduan, data zehatzak jakinaraziko ditugu.