Murgia, 2019ko azaroaren 8a_ Sare eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteen lankidetzan, GIZA ESKUBIDEEN HILABETEA antolatu du Zuiako Udalak. Aurtengoa, laugarren edizioa izango da eta, aurrekoetan bezala, helburua da "gobernuek eragiten dituzten Giza Eskubideen etengabeko urraketak salatzea; bai Euskal Herrian, preso politikoekin adibidez, bai eta kanpoan ere: Katalunian, Hegoamerikan, Mediterraneoan..." azaldu dute antolatzaileek.
Programa hasiko da datorren asteazkenean, azaroaren 13an, Arcadi Oliveres ekonomialari, ekintzaile eta desazkundearen defendatzailearen hitzaldi batekin. Hilaren 20an Ongi Etorri Errefuxiatuen dokumental bat proiektatuko da, Anabel Sanz del Pozo aktibista feminista eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiako kideak aurkeztuta. Eta 27an euskal preso politikoei buruzko hitzaldia izango da, euren adinekoen egoerari erreparatuz, Fernando Arburuaren eta Agustin Otsoa Eribekoren eskutik.
Ekitaldi guztiak Murgian izango dira, udaletxe aretoan, arratsaldeko 19:30ean. Irudian programa ikus dezakezu.