Euskararen, kulturaren eta auzolanaren aldeko ekimena, ZUIA EUSKARAZ, hastear da. Ekainean zehar, era guztietako ekintzak izango ditugu, eta ekainaren 29ko festa egun handiarekin bukatuko da.

Ekainaren 13an dugu lehenengo hitzordua: arratsaldeko 19:00etan, udaletxeko aretoan, Asisko Urmenetaren bisita izango dugu. Idazle eta ilustratzaileak Euskal Herrientsak bere azkeneko liburuaren aurkezpena egingo du, ohikoa duen estilo bizian. Bertan, bost emakumezko irakasle garrantzitsuri omenaldia egin nahi izan die, euskal kulturaren transmisioan emakume aintzindari modura egindako lanagatik.

Ekainaren 20an, berriz, Xabi Aranbururen txanda izango da: orain urte pare bat Namibiara egindako bidaiaren kronika egingo digu berak, udaletxeko aretoan hau ere, 19:00etan.

Ekainaren 23an, bestela izan ezi zen moduan, San Juan bezpera ospatuko dugu. Dantzan eta kantuan aritzeko aukera izango dugu, eta baita, urtero bezala, txokolatea hartzekoa ere, suaren gainetik salto egin aurretik. Eta ondoren etorriko da azken txanpa: 

Ekainaren 27an, osteguna, 19:00etan, Zuhaitz Gurrutxagak FUTBOLISTOK ikuskizuna eskainiko digu. Gaur egun telebistako aurkezle ezaguna bada ere (besteak beste, Herri txiki, infernu handi telebista-saioan), Zuhaitz Errealeko jokalaria ere izan zen: garai hartako bizipenak kontatuko dizkigu, umorez eta sakontasunez, gaur egungo futbolaren munduaren eta osasun mentalaren arteko lotura eginez.

Ekainaren 28an, ostirala, 20:30ean udaletxe plazan, ardo-dastaketa egingo dugu.

Eta, amaitzeko, urteroko zita garrantzitsua: ekainaren 29an, larunbata, izango da ZUIA EUSKARAZ EGUNA. Ondoko irudian ikus dezakezue egitarauaren aurrerapena: laster izango duzue berri gehiago. Egun osoan zehar, festarako eta ondo pasatzeko aukera egongo da, auzolanean, euskaraz.