Zuiako Udalak onartu du testua, aldeko 10 botorekin eta Partido Popularraren abstentzio bakar batekin
Iturri ofizialek diote Zuiako herritarren %30,5ak badakiela euskaraz eta %51,5ak euskaraz ulertzen duela, nahiz eta horietako batzuk ez hitz egin. Hala ere, hizkuntza erabileraren kale-neurketak dio Zuiako elkarrizketen %5,8 baino ez dela euskaraz.
Jakintza eta erabileraren arteko aldea oso handia da. Zuiar talde bat sinetsita daude, alabaina, baldintza egokiak ditugula bultzada bat emateko euskararen erabilerari. Horretarako, nahikoa da albo batera uztea bai euskaldunok bai erdaldunok errotuta ditugun zenbait jokabide eta geure egitea ohitura berri batzuk.
Ohitura aldaketa hori sustatzeko, ekimen xume bezain eraginkor bat jarri nahi izan dute martxan, gure herrian. Baietz42! Izenez ezaguna dena eta ez du soilik hizkuntza ohiturak aldatzea xede. Baditu beste helburu nagusi batzuk ere: besteak beste, zuiar euskaldunak ahalduntzea eta aktibatzea.
Laburbilduz, Baietz42! Ekainaren 21tik 23ra, 42 ordu iraungo dituen herri erronka da. Aldez aurretik konpromisoa hartu duten 3 parte-hartzaile mota desberdin izango direlarik:
1_Euskaraz hitz egiten dakitenak: 42 orduz euskarari ahalik eta gehien eutsiko diotenak, betiere, komunikagarritasuna galdu gabe.
2_Euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen dutenak: 42 orduz haiekin euskaraz hitz egiteko gonbita egingo dutenak.
3_Euskara ulertzen ez duten euskaltzaleak: 42 orduz euskaldunei euskaraz egiteko bideak erraztuko dizkietenak.
Bestalde, egitasmoaren bi ezaugarri azpimarratu nahi ditugu:
Positibotasuna: herri erronka modu ludikoan planteatzen da. Giro goxo eta alaian burutu nahi da; inor mindu gabe, baina egingarria den uste osoarekin.
Egunerokotasuna oinarri: ez da euskararen aldeko jai erraldoi bat antolatu; euskaraz bizitzeko estrategiak probatu nahi dira. Hori horrela, eguneroko ekintza xume eta normalak dira xedea, helburua ohituren inguruan hausnartzea baita. Hala, konturatuko gara nola funtzionatzen garen, eta nola funtziona gintezkeen.
Zuiako udal honek, zuiar guztiei luzatu nahi die esperientzia berri honetan parte hartzeko gonbita: euskaldunei zein erdaldunei; merkatariei zein erosleei; etorkinei zein bertakoei; helduei zein gazteei.
Euskararen aldeko gure konpromisoa ere erakutsi nahi dugu Zuiako udalbatzatik eta horrela ekimen berri bezain eraldatzaile honi gure babesa adierazten diogu.
Info gehiagorako: baietz42@gmail.com