Murgia, 2020ko maiatzaren 14a_ Alkatearen adierazpena Egun on guztioi: Zuiako Udalak, betiere udalerriko osasun-zentroko langileekin dugun koordinazioan oinarrituta, zenbait gogoeta helarazi nahi du eta garrantzitsua iruditzen zaigu horiek guztioriek herritar guztiei helaraztea. Gaur egun, Zuian 11 pertsona dira Covid-19ren kasu baieztatuak eta, horietatik, 5ek baino ez dute ospitaleratu behar izan. Gainerakoek etxean pasatu dute gaixotasuna. | Hala ere, Euskal Gobernuak emandako kopuruak handiagoak dira. Arrazoia sinplea da: Euskal Gobernuak test positiboak zenbatzen ditu bere datuak osatzeko eta kontuan izan behar da pertsona batzuek hiru proba positibo ere pilatzen dituztela gaixotasunaren bilakaeran. Gainera, azken asteetan, baieztapen probak ere kontatzen ari dira. Horregatik guztiagatik, pertsona berak hainbat positibo eman ditzake. | Murgiako Osasun-Zentroak kasuz kasu baloratu du eta jakinarazi digu Zuiako transmisio komunitarioa oso txikia izan dela. Datu hori funtsezkoa da gure udalerriaren etorkizuna diseinatzeko eta datozen asteak nola kudeatu behar ditugun jakiteko, Euskal Gobernuak hartutako neurriek eragindako zentzugabeko erabakien testuinguruan. | Beste kontu garrantzitsu bat da Murgiako adinekoen egoitzek izan duten kontrol maila. Arrakasta handia da, kontuan hartzen badugu baliabide soziosanitario horietan oso ahul bizi diren pertsonen kopurua; arrakasta handia da, zentro horietan lan egiten duten profesionalen lan konprometituari esker lortutakoa, bai eta egoiliarrek sakrifizio eta erantzukizunerako duten gaitasunari esker ere. | Azken datu hori ere garrantzitsua da: gure populazioaren batez besteko adina altua izan arren, orain arte Zuiako bizilagunik ez da hil COVID-19ren ondorioz. | Hala ere, datu horiek guztiak positiboak badira ere, ezin dugu pentsatu eta ez dugu pentsatu behar epidemiatik libre gaudenik. | Birus honi buruz oraindik gutxi dakigu, baina ondoko bi ebidentzia hauek zer pentsa eman behar digute: | Lehenengoa da kutsatutako pertsona bakar batek eta, are gehiago sintomarik gabea bada, eritasunaren agerraldi bat birsor dezakeela bere ingurune hurbilean, oso azkar, eta komunitatean hedatu, kontrolatzeko oso kontrol zaila. Orain arte, pertsonen arteko distantzia soziala da eraginkortasuna erakutsi duen estrategia bakarra, modu iraunkorrean eta kontzienteki mantendua. | Bigarrena da, kasu bakan batzuk alde batera utzita, COVID-19ren ondoriozko gaixotasun larriaren arriskua oraindik ere pertsona kalteberengan kokatuta dagoela, hau da, beste gaixotasun batzuk dituztenengan edo adinean aurrera doazenengan. | Horregatik, solidaritatea eta erantzukizuna bezalako oinarrizko printzipioak ezarri behar dira gure komunitatean eta egunetik egunerakoan. Gizataldearekiko konpromisoak egin behar gaitu, adin guztietan, naturan lekua izateko moduko gizaki. Izaera horretaz gozatzen dugu eta guztiok pribilegiatu sentitu gara Gorbeialdeko txoko honetan, batez ere egoera honetan. | Denok jakin behar dugu gaixotasunaren agerraldi berri batek arriskuan jartzen duela pertsona ahulen bizitza, eta hori ez da gutxi; horrez gain, egoitzetan eta nor bere etxean dauden adineko hamarnaka pertsona isolatzera kondenatuko lituzke. Horregatik, pentsatu behar dugu kalera irtetea, paseatzea, kirola egitea pribilegio bat dela une honetan; gutariko batzuek beste inork ezin goza dezakeen pribilegioa. Modu zuhur eta solidarioan egiteak aukera emango die gainerakoei berandu baino lehen gozatzeko. | Zenbait erakundek eta interes ekonomiko pribatuk inposatu nahi dizkiguten presak ez dira bidelagun onak une honetan. | Sinetsita gaude herriak ez beste inork zaintzen duela herria eta, orain, inoiz baino gehiago, espazio soziala funtsezkoa da gure kulturarako. Horregatik, zaintza, solidaritate eta elkartasunerako gune bihurtu behar dugu. Ziur gai izango garela ahalegin bat gehiago egiteko, konpromiso bat gehiago. | Hortaz, denbora honetan guztian komunitate eta udalerri gisa erakutsi duzuen elkartasuna eta jokabidea eskertzea besterik ez zait geratzen, berriro ere eskertzea. Eta errepikatu azken aste hauetan askotan entzun dudan esaldi bat, nire ustez, zer egin behar dugun bikain islatzen duena: “NORK BERE BURUA ZAINDU, ELKAR ZAINDU AHAL IZATEKO”. | Animo. Lortuko dugu! | Mila esker. |
|