Duela 2 urte udalak Murgiako 'Pauldarren' eraikina eta lursailak erosi zituen 1.650.000 € ordainduta, zentroan bertan Zuiako heziketa-eskaintza publiko osoa batzeko asmozOperazioa aurrera eraman zuen udalak, eraikinaren egokitze-lanak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren konpromisoa lortu ondoren, baina momentuz ez du ezer egin  

Zuiako Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hitza ez bete izana eta 'Pauldarren' proiektua bertan behera utzi izana salatu nahi du. Gainera, sailburuordeak, Olatz Garamendik, eta horren lankide hurbilenek engainatu izana adierazi du. “Behin eta berriro saiatu gara harremanetan jartzen telefonoz. Batak zein besteek ez gaituzte aintzat hartzen”, adierazi du alkateak, Unai Gutierrez Urkizak, prentsa ohar baten bidez.

Azaldu duen bezala, “duela 2 urte udalak erosi zuen 'Pauldarren' eraikin zaharra, ahalegin ekonomiko handiarekin eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker. Helburua zen bertara eramatea udalerriko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zikloak eta, gaur egun bertan eskaintzen den Bigarren Hezkuntzako zikloarekin, Zuiako heziketa-eskaintza publiko osoa leku berean batzea. Operazioa aurrera eraman zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin landutako negoziazio luze eta konplexu baten ondoren. Horren ondorioz, 2016ko udaberrian Lakuako gobernuak eraikina egokitzeko lanak finantzatzeko hitza eman zuen. Harrezkero, hainbat alditan irten da korporazio hau Garamendi sailburuordearen bulegotik promesa, epe zehatz eta hitz onekin. Guzti guztiak sistematikoki hautsiak”. 

“2018 honetarako –jarraitzen du alkateak – Hezkuntza sailak proiektua egina izan beharko zukeen, eta lanen esleipen prozesua hasi. Baina egin duen gauza bakarra izan da Zuiako herritarrak engainatzea. Eta, Oroko Ama Birjinaren Ikastetxearen kasuan, irisgarritasun-minimoak betetzen ez dituen zentro batean ikasleen egonaldia luzatzea”.    

Horregatik guztiagatik, Gutierrez Urkizak honakoa iragarri du: “berehalako erantzuna ekintzetan, ez hitzetan, jasotzen ez badugu, Zuiako Udalak mobilizazioetara joko du eta hainbat jarduera jarriko ditu martxan, Hezkuntza sailari eskatzeko heldutako akordioak betetzea”.