Martxoaren 18ko arratsaldean iritsiko da KORRIKAren 23. edizioa Zuiara, furgoneta, lekuko eta guzti. Horren aurretik, hainbat ekitaldi antolatu ditu Zuiako euskara lan taldeak, Korrika Kulturalaren egitaraua osatzeko. Lehenengoa, otsailaren 16an: KANTUAK BERBEKAZ BETE.
Otsailaren 16an, ostiralez, 19:00etan Zuiako Gaztetxean, KANTUAK BERBEKAZ BETE ikuskizuna eskainiko dute Igor Elortza bertsolariak eta Rafa Rueda musikariak. Ikus-entzunezko bertso-solasaldirako ez da aldez aurretik sarrerarik hartu beharko: doakoa izango da, aforoa bete arte.
KANTUAK BERBEKAZ BETE
Ikus-entzunezko bertso jarriak, garaiari eta giroari jarriak.
Nitik, zutaz eta gutaz.
Berezkoa da euskal kantagintzaren eta bertsogintzaren arteko harremana. Euskal kultura ahozkoa izanik orain oso gutxi arte, bertso eta kanta asko eta asko jaso ditugu euskaldunok anonimo, popular moduan.
Anonyme Popular ahalegin bat gehiago da bertsogintzan eta euskal kantagintzan. Garai bateko bertso-paperak, bertso-diskoak edo bertso-musikatu emanaldiak bezala, ikusentzunezko bertsoak proposatzen ditu gaur. Eta garaiari eta giroari dagozkion hitzak ez ezik, egungo doinuak eta soinuak. Ondare herrikoi hori eta euren sorkuntza lana izango dituzte hizpide Igorrek eta Rafak solasaldi-emanaldi honetan.
Igor eta Rafaren belaunaldiko euskaldunek aldi berean ezagutu zituzten Markesaren alaba tradizionala eta Hertzainak rock kanta; lehenengoa, amamaren ahotik, eta, bigarrena, lagunei grabatutako kasetetik. Orduan, ez ziren ohartzen biak zortziko txikian idatzitako bertso sortak zirenik…
Hala hazi ziren, binilo-diskoetan entzunez Manuel Lasarteren bertsoak zein Bernardo Atxagak antzeko metrikekin idatzitako hitzez Ruper Ordorikak egindako kantak. Aipatu genitzake Mikela Elizegi, Iparragirre, Amaia Zubiria, Xabier Amuriza, Mikel Laboa, Negu Gorriak, Maialen Lujanbio eta beste.
Denak dira Anonyme Popular.
Kantuak Berbekaz Bete Anonyme Popular egitasmoaren ikus-entzunezko bertso jarriak eta sorkuntza horren gakoak formatu txikian gozatzeko saioa da; Anonyme Popular bertso jarrien eta euskal kantagintzaren baitan ulertzeko, kokatzeko eta bizitzeko proposamena.