Aurrera darrai Zuiako Korrika Kulturalak. Datorren igandean, martxoaren 10ean, KORRIKA JAIA egingo dugu.
Martxoaren 18an izango dugu Korrikarekin hitzordua Zuian, egun horretan iritsiko baita gure udalerrira.
Aurretik, Korrika Kulturalaren egitaraua martxa onean doa. Martxoaren 10ean (igandea), KORRIKA JAIAZ gozatu ahal izango dugu, hilero egiten den Zuiako Azokaren testuinguruan.
ADI: EGURALDI TXARRARENGATIK, PALATU KIROLDEGIAN IZANGO DIRA JARDUERA GUZTIAK.
12:00etan Potx eta Lotx pailazoen AIREPORTUAN ikuskizuna ikusi ahal izango dugu. SINOPSIA: Heldu da eguna! Potx eta Lotxen ametsa betetzear da! Urteak daramatzate egun honekin amesten; denbora askoan aurrezten ibili eta gero, hegazkinez bidaiatu ahal izango dute. Pozez zoratzen sartu dira aireportura, baina megafoniatik entzuten dute euren hegaldia atzeratu egin behar izan dela ezinbestean. Horrela hasten da beraien abentura berria. Aireportuan luzaro egon beharko dira zain. Norekin egingo dute topo? Zer abentura biziko dute? Lortuko al dute azkenean hegan egitea?
13:30ean OINUTSIK taldearen kontzertua: euskal kantuen bertsio berrituak, bikote akustikoaren eskutik.