Merlin Properties eta Solariaren proiektuak baztertu ditu, gaur egun Araban kontsumitzen den elektrizitatearen bikoitza kontsumituko dutela argudiatuz.
Zuiako Osoko Bilkurak Merlin Properties Arasurren eraikitzen ari den edo Solariak proiektatzen duen datu zentroen hedapena geldiaraztea eskatu du. Horrela erabaki zuen atzo, osteguna, EH Bilduk aurkeztu zuen ekimenaren harira. Proposamenak EAJren kontrako bozka eta ZBG-ZNUren abstentzioa jaso zituen. Bi proiektuek, 825MWko guztizko ahalmenarekin, Araba osoko urteko kontsumo elektrikoa bikoiztuko lukete, Arabako lurraldeak kontsumitzen duen energiaren ekoizpenaren %10era iristen ez denean.
Horregatik guztiagatik, Zuian onartu den ekimenean hipereskalako datu zentro horiek baztertzen dira eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio zentro horien garapena muga dezala eta neurriak har ditzala datu zentroen garapen orekatua gauzatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio neurriak har ditzan gure lurraldean ezar daitezkeen energia berriztagarria ekoizteko egitasmoek hipereskalako datu zentroak elektrikoki elikatu ez ditzaten.
Zentzu horretan, horietako baten sustatzailea Solaria dela eta Eusko Jaurlaritzak Indarberri sozietatearen bitartez sinadurarekin elkarlanean diharduela ikusita, hipereskalako datu zentroetako elektrizitatea elikatzeko proiektuetatik kanpo uzteko eskatu dio Zuiako Udalak Eusko Jaurlaritzari.
Gaur egun, Arasur "Bilbao-Arasur Data Center Campus" delakoaren lehen fasean dago, Merlin Propertiesek eta Edge Energyk sustatuta. 300 MWko gaitasuna izango luke, Estatu mailako handiena litzateke eta 60 mila metro karratuko lurzoru industriala okupatuko luke. Datu zentro honek, errendimendu osoan funtzionatuz, urtean 2.628 GWh-ko energia kontsumoa izango luke, Araba osoko gaur egungo urteko argindar kontsumoaren bera. Jakina da Merlin Properties enpresak sustatutako datu zentroak, besteak beste, Mark Zuckerberg-en Meta enpresari emango diola zerbitzua %75 batean; hortaz, hauxe kolonialismo teknologikoaren adibide argia litzateke.
Solariak bere datu zentroak merke elikatu nahi ditu
Bitartean, Solariaren asmoak ere argitzen doaz; Arabako lurretan eraiki asmo dituzten hamarnaka egitasmo energetikoak ez doaz bertako energia beharrizanak asetzera; hain zuzen ere, helburu nagusia elektrizitate merkea ekoiztea da bere datu zentroak elikatu ahal izateko. Zuiako Osoko Bilkuraren iritziz, "inbertsio horiek ez diete gure herriaren beharrei erantzuten, eta gure industriaren aurkako lehia zuzena dira, are gehiago zailtzen baitute trantsizio energetikoa eta gure enpresek egin beharreko sistema produktiboen deskarbonizazioa".