Zuiako udalaren berdintasun-atalak eta ZETEME neska gazteen taldeak hainbat ekitaldi antolatu dute martxoaren 8aren, Emakumearen Nazioarteko Egunaren zioaz.

Lehenengo jarduera, martxoaren 8an bertan, hitzaldi bat izango da Elena Loyo zuiar emakume atletaren esku. Emakume eta eliteko kirolari gisa izan duen bizitza-esperientzia azalduko du institutuko gazteen aurrean.

Egun berean, iluntzean, 19:00etan, Eztiaren Museoan, “Sufragistak” filma jorratuko da, emakumearen borroka esanguratsuenetako bat jasotzen duelarik. XX. mendearen hasierako Ingalaterran, Lehenengo Gerra Mundiala lehertzeko dagoela, emakumeek beren eskubide politikoak erreibindikatzen dituzte, zehazkiago, botua emateko eskubidea. Sufragista ingelesen artean ere liskarra dago, batzuk protesta baketsuagoen aldekoak dira, bestetzuk gobernuaren aurka dabiltza jo eta su.

Ostiralarekin, azkenik, Gaztetxean King Kong Neska euskarazko bakarrizketa ikusi ahal izango da, Josune Gorostegik Virginie Despentesen King Kong Thêorie idazlanean oinarritutako bakarrizketa. Ondoren, trikipoteo feminista egingo da ZETEME Zuiako neska gazteen elkarteak antolatuta.

Era berean, udalbatzak aho batez onetsi du EUDELek emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde proposatutako adierazpen instituzionala, oinarrizko eskubide eta demokraziaren ezinbesteko balioa delakoan.