ZUIAKO UDALERRIKO TESTUINGURU ENERGETIKOA
TRANTSIZIO EKOLOGIKO JUSTU ETA INGURUMENAREKIKO ARDURATSU BATEN ALDE
Argi eta garbi dago, gaur egun, ikuspegi globaletik begiratuta, krisi klimatiko eta ekosozial bete-betean gaudela.
Ez da bakarrik ingurumenarekin lotutako arazo bat. Auzi global bat da, hainbat eremutatik aztertu beharrekoa, eta hainbat ezaugarri lantzea eskatzen duena: bioaniztasunaren eta kultur-ondarearen kontserbazioa, eredu ekonomikoa, eredu energetikoa, garraio-eredua, baliabide naturalen kudeaketa, mugikortasuna, lurralde-antolamendua, etab.
Horrekin lotuta, gaur egungo eredu energetikoa garrantzia berezidun gaia da. Izan ere, klima aldaketaren arrazoi diren Negutegi Efektuko Gasen (NEG) emisio asko eta asko jatorri fosileko erregaiak erretzetik datoz (ikatza, petrolioa, gasa eta hortik eratorritakoak).
Egoera horren aurrean, nahiz eta energia berriztagarrien iturrietan oinarritutako deskarbonizazio eta trantsizio energetiko baterantz pausoak ematea presazkoa izan, funtsezkoa da trantsizio hau modu orekatuan eta errespetuzkoan egitea, lurralde antolamenduaren printzipioetan oinarrituta, eta natura-ingurunea, paisaia, zerbitzu ekosistemikoak eta herritarren identitatea eta ongizatea babestuta.
2023an, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde-plan Sektoriala (EBen LPSa) egin zuen. Oraindik ez du behin betiko onarpenik jaso, eta 4.000 alegazio baino gehiago egin dizkiote foru aldundiek, udalek, eremu akademikoko adituek, herritarren plataformek eta norbanakoek, Alegazio horietako zenbaitek LPSaren dokumentua zalantzan jartzen dute, bai plazaratzen duen ikuskeran, bai bere garapenean.
Zuiako Udalak 2023an hainbat alegazio aurkeztu zizkion aipatutako LPSari. Besteak beste, Planaren erredakzioan erabilitako metodologiarekin desadostasuna azaldu zuen, eta baita egindako parte-hartze publikoaren prozesuarekin ere. Era berean, Zuiako haranean eragina duten parke eolikoak ezartzeko Aukeratutako Kokapen Eremuek (AKE) paisaian izango luketen eragina ere auzitan jarri zuten. Adibidez, LPSak proposatutako ZLSetako bat Ganaltoko mendilerroan egongo litzateke.
Testuinguru horretan, udalak hainbat ekimenen berri izan du::
- “Jundiz” izena jasoko duen Zentral Eoliko bat instalatzeko proposamena. Zentral hori Badaian egitea proposatzen da, Kuartangoko, Zuiako eta Gasteizko udalerrien eta Badaiako mendizerrako partzoneriaren artean.
- Ebakuazio-linea (Goi-tentsioko linea), Solaria multinazionalarena, Zuia eta Urkabustaizko udalerriak zeharkatuko dituena, eta, horrez gain, Oroko Haitzen eta Ganaltoko mendilerroaren artean egingo litzatekeen azpiestazio elektriko bat egiteko aukera.
Hainbat enpresa sustatzaile proposatzen ari diren proiektu-proposamen horiekin lotuta, Zuiako Udalak honakoa adierazten du:
- Zuiako Udalak, era honetako proiektuen eraginpeko gainerako tokiko erakundek bezala, ez dauka eskuduntza teknikorik era honetako proiektuak egin edo ez egin erabakitzerako orduan. Proiektu horien baimenak udalerriz gaindiko beste administrazioen ardura dira. Baina udalak badu ardura udalerriko natura-, paisaia- eta ondare-balioak bermatzerako orduan, eta baita herritarren osasuna eta ongizatea bermatu behar dela eskatzerako orduan ere.
- Udalak irmo sinesten du gaur egungo eredu energetikoa aldatu behar dela, gaur egungo energia kontsumoaren maila gutxituta, eta iturri berriztagarrien sorkuntza handituta. Beraz, uste dugu prozesu hau konplexua dela, modu orekatuan eta demokratikoan aztertu beharrekoa, balio eta baliabide naturalekiko errespetu osoarekin, eta lurralde-antolamendu jasangarri bat bermatuko duten irizpide zientifikoetan oinarrituta.
Horregatik guztiagatik, eta herritarrekin eztabaida-prozesu bat partekatzeko eta zabaltzeko helburuarekin, Zuiako Udala lanean ari da "Zuian eman behar den trantsizio energetikoaren ereduari buruzko hausnarketa-jardunaldi ireki bat antolatzeko eta haranari eragiten dioten proiektu energetikoen aurrean azterketa lana egiteko". Udaberri honetan egitea aurreikusten dugu. Behin antolamendu-modua eta data zehatza jarri ondoren, beharrezkoa den informazio guztia argitaratu eta zabalduko dugu.
ZUIAKO KLIMA ETA ENERGIA PLANA