Diaz de Cerio zuiarra eta Nekane Abin, Jaime Martinez asturiarrak gidatutako kamioian lehiatu dira Saudi Arabian.

Santi Diaz de Cerio da Dakar proba entzutetsuan parte hartu duen lehen zuiarra. Berak eta haren lagun Nekane Abinek kopiloto lana egin dute Jaime Martinezek gidatutako Mercedes 2636 kamioian, hiru ardatzetakoa; eta haien modalitateko bigarren postua lortu dute.

Santi, Nekanek eta Jaimek elkar ezagutzen dute Maroco, Tunez eta beste herrialde batzuetan egin izandako 4x4 raid-engatik. Oraingoan, baina, Jaimek aukera izan du Dakar-en parte hartzeko eta, jakin ahala, bi lagun arabarrei gonbidapena egin die.

"Abentura itzela izan da munduko lasterketa gogorrenean parte hartzea. 20tik gora egun egin ditugu Saudi Arabian, horietatik 14 kamioian egunero 12-13 ordu sartuta eta besteak 3.000 pertsonekin batera kanpamenduetan. Denetatik egon da, jakina: matxurak, gurpil zulaketak, ibilgailu asko erreskatatu ditugu... Esperientzia ahaztezina", azaldu digu Santik Zuian bueltan dagoela.

Haien helburua lasterketa bukatzea zen, baina poliki-polliki denbora eta puntuak irabazten joan ziren. Azkenean, kamioi klasikoen artean bigarren postua egin zuten; eta klasifikazio orokorrean 19.ak.

Diaz de Ceriok eskerrak eman nahi dizkie TH Trucks Rally Team ekipoari, Más Motor, Plasma 4x4, Sahara 4x4 Extreme eta Asturiasko beste hainbat babesleri.