Marcos Rodríguez Pantoja Sierra Morenako ume basatiak zuzenean kontatuko ditu 71 urtetako esperientzia eta bizipenak.
Sierra Morenako ume basatiak, hala deitu izan baita, hitzaldia eskainiko du datorren ostegunean, maiatzak 4 dituela, 19:30etan hasita, Zuiako udaletxean asteburuan barrena luzatuko diren ekitaldi-multzoaren barruan. Jardueran hauei esker, bertatik bertara jaso ahal izango da bizipen gogor eta bitxiez beteriko bizitzaren berri.
Marcos Rodríguez Pantoja, aitaren tratu txarrak eta bizimodu zinez gogorra izan ostean, zazpi urterekin ahuntzain baten eskuetan geratu zen, salduta nonbait. Kobazulo batean bizi zirelarik, ahuntzaina hil eta umea abandonaturik geratu zen Sierra Morenako naturaren erdian.
Handik hamaika urtetara, Guardia Zibilak aurkitu zuen 1965ean, gizakiengandik zeharo aldendu eta isolatuta bizi eta gero, natura bera eta semetzat hartu zuen otso-talde bat bizilagun bakarrak zituela. Mintzatzeko gaitasuna ere galdu zuen eta harez geroko gizarteratzea ordura arteko bizitza baino latzagoa izan zuen, agian.
Gabriel Janer Manila antropologo eta idazleak aztertu zuen Marcosen kasua eta, 1975ko azaroaren eta 1976ko apirilaren artean, elkarrizketatu zuen Marcos Rodríguez, gizartean berriz moldatzeko beharko zituen hezkuntza-neurriak aztertu ahal izateko, muturreko pobrezia sortu zuen testuinguru sozioekonomikoak eragindako abandonu latz hura gainditu bazuen. Ikertzaile honek azpimarratzen du, Marcos biziraun bazen, abandonua baino lehen bereganatutako oinarrizko trebeziengatik eta berariazko adimen natural apartarengatik biziraun zela. Isolaturik zelarik, umeak bizilagun izan zituen animalien zaratak eta mintzairak ikasi zituen, bai eta haiekiko komunikazioan baliatu ere, giza hizkuntza apurka-apurka utzi eta ahaztuta.
Bere bizitza lan literario eta zinematografikoen helmuga eta gai izan da. Hauen artean azpimarratu ahal dira Marcos bere bizitza kontatzen duen haur-ipuina, elkarrizketa eta ikertu zuen antropologiaren doktorego-tesia eta Gerardo Olivaresek zuzendutako Entrelobos filma.