Abenduaren 2an zen egitekoa, baina elurrarengatik bertan behera geratu zen. Urtarrilaren 27an elkartuko gara, Murgian, liburutegian.
Topaketaren helburua berbera izango da: Gorbeialdean euskalgintzan lanean ari diren taldeek, udalerriz udalerri, antolatzen dituen jarduerarik nabarmenen bilduma egitea da. Horrek, gure Kuadrillan euskararen erabilera handitzeko egiten dugunaren argazki bat emango digu. Eta esperientziak trukatzeko ere balioko du.
Horrekin batera, jarduera horiek antolatzeko sakonean dugun arrazoien inguruko hausnarketatxoa ere egin nahi dugu. Horregatik izenburua: “Zerk mugitzen gaitu?”. Hau da, zein dira egiten duguna egiteko indarra ematen diguten arrazoiak?
Bukatzeko, 2018aren amaieran Euskal Herri osoan egingo den euskaldunen aktibazio-erronkaren berri emango digute Topaguneko kideek.
Topaketari buruzko xehetasun gehiago, Gorbeialdeko Kuadrillaren webgunean.