Udalak, litezkeen zalantzak argitzeaz batera, hiritarren iritzi eta iradokizunak jaso nahi ditu obra honen inguruan
Larunbatean Murgiako plaza erabakitzeko prozesuan lehenengo batzar publikoa egin zen, zuiar hiriburua alderik alde zeharkatzen duen zeharbide ia osoan egin beharreko obra handiago baten barruan.
Hasteko, proiektuaren azalpen zehatza eskaini zitzaien bertaratukoei. Obra handi hau egin beharra aspalditik datorren arren, orain egokitu den subentzioari esker egin ahal izango da. Lan honi esker, udal azpiegituraren fibrozementuzko hoditeria ia guztia berrituta egongo da eta, bidenabar, kale honetan sarri izan diren jario eta matxurak ekidinen dira aldi luze baterako. Kalea altxatu behar dela aprobetxatuta, gainerako zerbitzu guztiak berritu eta lurperatuko dira.
Lan osoaren aurrekontua 1.493.608,27 eurotakoa da eta Arabako foru-diputazioak, lan eta zerbitzuetarako foru-planaren bidez, emandako subentzioa 1.250.509,95 eurotakoa.
Obra hau egin beharra aprobetxatuta, udaleko gobernu-taldeak Murgiako erdigunea modernizatu eta egokitu nahi izan du hiritarren eta, bereziki, oinezkoen premiak lehenetsita. Asmo honekin hitz egin da udalbatzako beste talde politikoekin eta diputazioaren errepide-saileko arduradunekin, berea baita Domingo Sautu kalearen gaineko eskumena. Elkarrizketa horien emaitza jarri nahi izan da zuiarren eskura, zein bere iritzi eta iradokizunak egingo baditu.
Infograma batzuen bidez erakutsi nahi izan zien obra osteko irudia, Murgiako udal plaza eta plaza berriaren inguruak nola geratuko liratekeen erakustearren. Hauek aitzakia harturik, hainbat alderdiren inguruan mintzo zen batzarrean: trafikoa mantsoarazteko neurriak, argiteria publikoaren ezaugarriak, bizikleten joan-etorriak bultzatzeko neurriak, garraio publikoa…
Proiektu hau udal talde guztiena izanik, udalak orain herritar guztiena izatea nahiko luke, zuiar gehienen egunerokotasunean aski garrantzia izango duen proiektua dela baiteritzote. Horretarako abenduaren 19rarte egongo da ideiak eta iritziak emateko aukera udal bulegoetan edo/eta azuia.general@ayto.araba.eus helbide elektronikoan.