Lehiaketa eta erakusketa jarriko dira martxan.
Zuiako Udalak bat egin du Asteklimaren VI. edizioarekin, Klimaren eta Energiaren Astearekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak bultzatzen du ekimena, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez, eta herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea du helburu.
Hau da Asteklima dela-eta, asterako antolatutako jardueren eskaintza:
1. 'Gorbeialdean Behin' lehiaketa
Data: irailaren 25etik irailaren 30era.
Gorbeialdeko Kuadrillako sare sozialen bidezko online lehiaketa da (@Gorbeialdea). Lehiaketa honetan parte hartzeko nahikoa da sare sozialak jarraitzea eta sare sozialetan egunero partekatuko den esteka (Google forms) sakatu eta betetzea. Egunero bi galdera berri partekatuko dira: energiari eta klimari buruzkoa bata, eta Gorbeialdeari buruzkoa bestea. Galdera bakoitzak hiru aukera izango ditu, eta bakarra izango da zuzena.
Gaiak: energia, krisi klimatikoa eta ekologikoa, biodibertsitatea, birziklapena, baliabide naturalak, ekonomia zirkularra eta kutsadura.
Parte hartzen duten guztien artean sariak zozketatu eta banatuko dira. Sariak 30 eta 60 euroko bonuak izango dira, Gorbeialdeko saltokietan gastatzeko.
Animatu eta parte hartu!
2. 'Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da' erakusketa.
Data: irailaren 22tik irailaren 28ra (irailaren 23 eta 24 izan ezik).
Lekua: Murgiako liburutegian.
Jardueraren laburpena: Erakusketa honetan, elikagaien ekoizpen ekologikoari buruzko datuak eta informazioa eman nahi dira. Gainera, elikagai ekologikoak kontsumitzearen onurak azpimarratzen dira.