Ignasi Sabater Poch eta Unai Gutierrez Urkiza, Vergeseko eta Zuiako alkateak. Ikurriña eta estelada vermella, Murgian.
Argazkiak: Gure Esku Zuia.ZUIA-VERGES SENIDETZEAREN I. URTEURRENAMaiatzaren 9an, larunbata, urtebete beteko da hitzarmena sinatu zenetikBi udalerriek topaketa birtual batekin ospatuko dute, bihar eguerdian

Murgia, 2020ko maiatzaren 8a_ “Bi udalerrien arteko esperientziak eta jarduerak partekatzeko eta trukatzeko abiapuntu bat izango da, bai eta udalerrietako talde eta herritarren artean ere, guztion onerako eta onurarako”. Hala adierazi zuen Unai Gutierrez Urkiza Zuiako alkateak 2019ko maiatzaren 9an, Arabako eta Gironako udalerrien arteko senidetze hitzarmenaren sinadura ekitaldian. Eta hala izan da. Igaro den urtean, bi korporazioek lankidetza estua izan dute, eta, horren ondorioz, lan-batzorde bana sortu dira. Bere eskumenen artean, loturak sendotzeko jarduerak garatzea. Esate baterako, udalerrien artean bisita kulturalak trukatu dituzte, bi udaletako talde eta kolektibo ezberdinen arteko harremanak sorrarazi dira, eta korrespondentzia on-line arina ezarri da ikastetxeen artean, hau da, Zuiako Oroko Andra Mari Eskola eta Murgiako Institutua batetik, eta Vergeseko Llar d 'infants Les Bombolles eta Francesc Cambó Institutua, bestetik. Batzorde horien beste eskuduntzetako bat urteurreneko ekitaldiak prestatzea zen, hain zuzen ere. Baina Covid 19 izurriteak eragindako egoeraren ondorioz, plana moldatu behar izan da. Aurreikusita zegoen Vergeseko korporazioak, ikastetxeekin lotutako taldeek eta herriko elkarteek osatutako ordezkaritza Zuiara etortzea. Azkenik, topaketa birtuala egingo da, bihar eguerdian, eta bi udalerrietako herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.
 
Kataluniako herriarekiko elkartasuna
Verges eta Zuia udalen arteko senidetzea Gure Esku Zuia erabakitzearen aldeko mugimenduaren proposamena izan da. Kataluniako herriari babesa eta elkartasun osoa adierazi eta erakustea du helburu nagusia, “bizitzen ari diren baldintza gogorretan, Espainiako botere politikoek eta judizialek egindako jardun larriaren ondoren, herritarren gehiengoaren borondatearen kontra, herriak bere gobernatzeko erabozka bidez erabaki ahal izateko erreferenduma antolatzeko delituagatik”, ekimenaren arduradunen hitzetan.
Bestalde, hainbat arrazoietan oinarrituta hautatu da Verges udalerria. Nagusia, Kataluniako Motards Independèntistes elkartearekin dagoen harremana. Motorzaleek Zuia bisitatu dute hainbat alditan azken urteetan, eta duela urte batzutatik kide bat gure udalerrian bizi da. Bestalde, Verges eta Zuiaren artean antzekotasun garrantzitsuak daude: landa guneak dira biak, tamaina txikikoak (2.500 biztanle Zuian, 1.200 Vergesen) eta ondasun kultural eta sozial handia partekatzen dute. Gainera, Baix Empordá-n kokatuta dagoen udal horretan jaio zen Lluis Llach kantautorea; Arabarekin eta, zehazki, Gasteizekin elkartasun handia duena, 1976ko martxoaren 3an tiroz hildako 5 langileen omenez bere kanta bat idatzi zuenetik. Ezin izan zuen Murgiako sinatze-ekitaldira etorri, baina bere atxikimendua erakutsi zuen emozioz betetako bideo-mezu baten bidez.