Gainera, korporazioak milioi bat eurotako inbertsio-plana onartu du gehiengo absolutuaz.URA agentziaren pasibotasuna dela eta, 200.000 € bideratuko ditu ur-hornidurako sarearen gabezia larriei erantzuteko. 

Murgia, 2021eko otsailaren 15a _ Zuiako Udalak, EH Bilduk gehiengo osoz gobernatuak, 3.394.643,57 €ko aurrekontua onartu du 2021 urterako. Gobernu taldeak eta Zuia Bai elkarteak aldeko botoa eman dute; Alderdi Popularrak, berriz, kontrakoa. Aurrekontuarekin batera, 1.044.600 €ko inbertsio-plana onartu da, oraingoan aho batez onetsita.

Unai Gutierrez Urkiza Zuiako alkatearen hitzetan, "aurrekontuak eta onartutako inbertsio planak gure udalerriko egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera emango digute. Bi proiektuak aurrera ateratzeko lortutako adostasun handia azpimarratu nahi dugu; Zuiako bizilagun gehienen konfiantza badugu ere, beti egin dugu lan gobernuaren eta oposizioaren arteko elkar ulertzearen eta akordioaren alde, eta eskerrak eman nahi dizkiogu adierazitako jarrera arduratsu eta eraikitzaileagatik ".

Diru-sarrera eta gastuetarako proiektua, 3.400.000 € ingurukoa, EH Bilduren gobernu-taldearen hasierako proposamenaren emaitza dira eta, aldi berean, Zuia Bai taldeak egindako zuzenketak –500.000 euro inguru baliokoak– jasotzen dituzte. Gainera, Zuiako aurrekontuan, lehenengo aldiz, herritarrek zuzenean eta era partikularrean proposatutako ekarpenak sartu dira. Gobernu-taldeak 15.000 eurotako partida gorde zuen partaidetza-prozesu baten bidez jasotako proposamenak hornitzeko; 23 aurkeztu ziren eta horietatik 3 dagoeneko udal aurrekontuaren parte dira: bide-segurtasuneko kanpaina bat, Murgiako Institutuarekin lankidetzan; tamaina handiko hondakinak biltzeko eremu bat egokitzea, eta jardunbide egokiei eta gizalegeari buruzko kanpaina bat. Gainerakoetatik, beste batzuk aurrekontuan aurreikusita zeuden partidetan sartu dira.

Onartutako aurrekontuetan jasotako gastuen barruan, 2021 honetan garatuko diren proiektuen artean, hurrengo hauek nabarmentzen dira: gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze zerbitzu berri bat sortzea, 25.000 €ko partida bidez; 8 etxebizitza sozial eraikitzeko proiektua, 80.000 €; hutsik dauden baserriak eta etxebizitzak berreskuratzeko planetarako diru laguntza bat, 40.000 €; eta COVID 19arekin lotutako diru-laguntzak, 50.000 €. Inbertsioen atalean, 200.000 € bideratuko dira ur-horniduraren sarearen arazo larriei aurre egiteko, URAren pasibotasuna dela eta; saneamendu-sarean hobekuntzak egiteko, 172.000 €, eta Jesusa enearen alboko udal lorategia egokitu eta jendeari irekitzeko, beste 180.000 €.