Bai Udalak bai Aperregi zein Domaikiako kontzejuek alegazioak aurkeztu dituzte Santurtzi 1 izeneko proiektuaren aurka.
Oraingo honetan Espainiako gobernu-ordezkaritzaren bidez iritsi zen Zuiako erakunde hauetara Solariak Trebiñun ezarri nahi duen parke fotovoltaiko berri baten jakinarazpena, bertako ebakuazio-linea Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuetarako planteatzen duen linea bera erabiltzea planteatzen baitu enpresak.
Zuiako tokiko erakunde hauen ustetan, proiektu honek argi erakusten du Zuia alderik alde zeharkatuko luketen ebakuazio-lineak beste proiektu handiago baten atal txiki bat besterik ez direla. Hortaz, administrazio publiko eskudunei galdegiten diete proiektua bere baitan azter dezatela eta ez, ordea, atalka, enpresak nahi eta nahiago duen moduan, tramitazioa laburrago edo errazagoa izango delakoan.
Halaber, dei egiten diete Zuiako herritarrei, orain artean legez, mobilizazioan jarrai dezaten, trantsizio energetikoa ezinbestekoa delako, baina justizia, berdintasun, oreka eta ingurumenarekiko baldintzak behar bezala gordez gero.