ZUIAK BUKATUTA DU PAULDARREN ERAIKIN ETA ORUBEAREN EROSKETA, IKASTETXEA ETA HAUR-ESKOLA BERTARA EROATEKO

Zuia, 16/10/26

Zuiako udalak eta Euskal Gobernuak udalerriko ikastetxearen egoeraren inguruan izandako bileretan adostutakoari jarraiki, udalak jada adostu eta sinatu du Pauldarren kongregazioarekin ikastetxearen eraikina eta lursailak erosteko akordioa, bertara eraman ahal izateko Oroko Andre Mariaren ikastetxea eta haur-eskola.

Unai Gutierrez Zuiako alkatearen esanetan “oso akordio landua izan da eta seguru gaude udalerri eta eskualderako zinez onuragarri izango dela”. Udalak sinatu bezain pronto igorri zion Euskal Gobernuari aipatutako eraikin eta lursail hauek erosteko sinatutako kontratu pribatuaren kopia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailarekin hartutako konpromisoa betez. Bere aldetik, gobernuak sail horren inbertsioen plan estrategikoan sartuko zukeen lehentasunezko izaeraz, aipatutako ikastetxeen instalazioak birkokatzeko prozesu osoaren tramitazioan aurreranzko pausoak eman nahian.  “Hala ere –segitzen du– euskal exekutiboak ez du bete oraindik hartutako konpromisoa, nahiz espero dugun bere konpromisoak laster beteko dituela”.

Erosketarako % 50eko subentzioa izan du udalak, Arabako foru-diputazioak 2016-2017 biurteko lan eta zerbitzuetarako foru-planaren barruan emana.

Erosketa, orotara, 1.650.000 eurotan egin da eta atzo bertan formalizatu zen notariaren aurreko sinadura eginik. Hortaz, orain Euskal Gobernuaren txanda da, erreforma eta egokitzapen-proiektua egin eta lanak egiteko funtsak zedarrituz.