Mozio baten bidez udalak erreklamatu dio, era berean, zerga-erreforma bidezkoa eta progresiboa, aberastasun handientzako zerga berri bat gehitutaEstatuko Gobernuari dagokionez, defizita eta zorra malgutzea galdegin dio, eta soberakina erabili ahal izatea
Murgia, 2020ko maiatzaren 19a _ Zuiako Udalak mozio bat onartu du Arabako Foru Aldundiari eskatzeko ezohiko neurriak har ditzala toki-erakundeen finantzaketa bermatzeko. Testua aurrera atera da EH Bilduren gobernu taldearen aldeko botoekin eta oposizioko indar nagusiaren, Zuia Bai taldearen, babesarekin. Bertan, udalak defendatzen du Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren (TEFFF) beherakada larria arintzeko konponbideak adosteko beharra (jeitsiera %20tik gorakoa izango dela aurreikusten da). Unai Gutierrez Urkiza alkateak azaldu duenez, "udalek eta tokiko administrazioek Foru Aldundiarekin batera lan egin behar dute TEFFF bidezko diru-sarreren jaitsiera jasateko formulak bilatzeko, eta administrazio bakoitzak gehien interesatzen zaiona aukeratu ahal izateko".
Gainera, Estatuko Gobernuari eskatu dio toki-erakundeei aukera eman diezaiela daukaten soberakina erabiltzeko, COVID 19 pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteari begira. Era berean, egonkortasuna, zorra eta gastu helburuak malgutzeko eskatu dio, kaudimen handiagoarekin erantzun ahal izateko. "Ez dauka inolako logikarik partida horiek ezohiko egoera honetan sortzen ari diren beharrei erantzuteko ez erabiltzeak", azpimarratu du Gutierrez Urkizak.
Zuiako Udalaren proposamenak zerga-politikan ere aldaketak egiteko beharra agerian utzi du, eta Arabako Foru Aldundiari lau hilabeteko epean zerga-erreforma bidezkoa eta progresiboa aurkezteko eskatu dio, aurreikusitako zerga-bilketaren beherakada arintzeko, besteak beste, aberastasun handiei zerga berri bat ezarriz.
Azkenik, onartutako mozioa Zuia Bai elkarteak egindako ondorengo eskariekin osatu da: 2020ko udal aurrekontua berrikustea egungo testuingurura egokitzeko, premiazkoak ez diren jarduerak ezabatzea, eta krisiak gehien kaltetutako pertsonentzako laguntzak handitzea.