Asparrena eta Eako Udalekin batera hartu du parte EAEko Herri-administrazioen Energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua aztertzen ari den komisioan

 

Prentsa oharra. Murgia, 2017ko urriaren 23a_ Urte batzuetatik hona ari da lanean Zuiako Udala, gure bailaran eredu energetiko berri bat ezartzeko. Eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren alde egindako apustu irmoak herri administrazioen buruan kokatu du udalerria, aurrezteko irtenbide berritzaileak martxan jartzeko eta iturri berriztagarrietan jatorria duen energia kontratatzeko orduan.

2015etik, Goiener kooperatibarekin sinatutako kontratuaren ondorioz, udalerriko argiterian energia berriztagarriak erabiltzen dira soilik. Gainera, azken 3 urteetan kaleko argi tradizionalak kendu dira LED teknologiarekin ordezkatzeko, energiaren % 35 inguru aurreztea lortuz. Halaber, udal eraikinen inguratzaile termikoa hobetzen eta eraikin publikoetako gas galdarak aldatzen ari dira, horien ordez biomasa-sistemetan oinarritutakoak jarriz. Horrek guztiak fakturak %60an jaistea ekarri du.

Datu horiek, besteak beste, aurkeztu berri ditu Zuiako alkateak, Unai Gutierrez Urkizak, EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko lege proiektuan lantzen ari den Legebiltzarreko komisioan. “Oso positibotzat hartzen dugu legea egitea, baina azpimarratu nahi dugu udal batzuk hainbat urte daramatzagula zentzu horretan lanean”, esan du.

Zuiako Udalak eusko Legebiltzarreko komisioan hartu du parte, Ea eta Asparrenako Udalekin batera, EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideak proposatuta.

Irudian Zuiako alkatea, Unai Gutierrez Urkiza (ezkerretik hasita hirugarrena), Legebiltzarrean. Argazkiaren egilea: Eusko Legebiltzarra.