Meteorologia aurka egon bazen ere, Zuiako udalak eta pertsona eta agintari politiko ugarik amaiera jarri zioten memoria historikoa berreskuratzeko antolatutako ekitaldi-sortari. Hartara, udalerriko auzotar batek musu truk tailatutako monolitoa inauguratu zuten Aita Pauldarren lehengo komentuan eta, 1936 eta 1940. urteen artean, kontzentrazio-esparru frankista izandakoaren sarrerako lorategietan.
Ondoan, Iñigo Arregi artistak egin eta arabar lurraldean Memoriaren marka izan nahi duen irudi eskultorikoan jarritako plaka deskubritu zen honako testu honekin: “Eraikin hau, Aita Pauldarren komentua zelarik, hiru urte eta erdiz izan zen kontzentrazio-esparru frankista. Hiru bat mila pertsona egon zen bertan inolako epaiketarik izan gabe. Miseria, esklabutza, torturak, zigorrak… baten batzuek heriotza ere jasan zuten. Zuiako herriak omen egin nahi die pertsona hauei guztiei, gertatutakoa ahaztu ez eta euren askatasun-ametsa egia bihurtuko bada.”
Euria mara-mara eta hotza handia izan bazen ere, ekitaldiak hamaika pertsona eta ordezkari politiko batu zituen, tartean udaleko indar politiko guztietako ordezkariak eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkaritza nabarmena.
Zuiako alkateak, Unai Gutierrez Urkiza, azpimarratu zuen monolitoaren eta plakaren bidez, bermatu nahi dutela gertatutakoa ahanzturatik aterako dela eta gure hurrengo belaunaldiek, pare-paretik pasatuko diren belaunaldiek, memoria horri eutsiko diotela, askatasun-grina amets izan zuten pertsona haiei omen egiteaz gainera.
Eztizen Durana Ircio, orain institutu den eraikinean DBH ikasten hasi zen lehenengo kintako kideak esan zuenez, datozen belaunaldiek “gertatutakoak oroitu eta errepresio frankistarik gogorrena pairatutakoak omendu" behar dituztela, baina "etorkizunari begira" jarrita, "inongo mendeku-goserik gabe, argi eta ozen esateko (...) lehengo haien askatasun-grinak eta ametsak egia bihurtzen” ahaleginduz.
Amaitzeko, ohorezko aurreskua dantzatu zen monolitoaren aurrean eta lore-eskaintza egin zuten bertaratutako guztiek, protagonismo berezia izan zutelarik bertan kartzelatutakoen familiarrek, hainbat Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorrita.