Ardatza herritarren zaintza zerbitzuak hobetzea da.

Zuiako Udalak, ostegun honetan, urtarrilaren 11ko osoko bilkuran, 2024ko ekitaldirako aurrekontuak onartu ditu, 3.950.402 euroko zenbatekoarekin.

Aurrekontu hauek EHBILDUren (6) eta ZBG plataforma independentearen (1) aldeko botoekin, eta EAJren (4) abstentzioarekin onartu dira.

Onartutako aurrekontuen helburu Nagusia herritarren onurarako eta gozamenerako eskaintzen diren zerbitzu guztiak mantentzea, egonkortzea eta indartzea izan da. Horregatik, aurrekontuetan presentzia handia dute hainbat zerbitzuk, adin tarte bakoitzeko zainketatan eta haien beharretan oinarrituta daudenak. Horien adibide da udalerrian 8 eta 16 urte bitarteko gazteentzat martxan den gizarte eta hezkuntza-proiektua. Proiektu horrek 57.000 euroko aurrekontua du. Horrez gain, bada beste proiektu garrantzitsu bat, adinekoek, lan saio fisiko zein kognitiboen bitartez, beren etxeetan duten independentzia luzatzea helburu duena. Honek 20.000 euroko partida du.

Aurrekontuaren beste zati handi bat udalerriko elkarte eta kirol ekimenen jarduerak diruz laguntzera bideratuko da; baita ikasleentzako 17.500 euroko garraioa diruz laguntzera bideratutako deialdiak ere; edo gero eta gehiago eskatzen diren alokairurako laguntzak, 25.000 euroko aurrekontu sailarekin; eta hutsik dauden baserriak birgaitzeko laguntzak, 40.000 euroko aurrekontu sailarekin, besteak beste.

Aurrekontu honek ez du inbertsio partida handirik, udalerria hurrengo urteetan gastu ekonomiko handia beharko duten hainbat proiektu garatzen eta gauzatzen ari baita: hala nola kirol instalazioak eraberritzea eta handitzea, etxebizitza sozialak eraikitzea eta kultur etxea, besteak beste.

Inbertsioetarako partiden artean, 40.000 euroko udal ibilgailu elektriko bat erosiko da, baita behe eta saneamendu sareetan inbertsioak egingo dira, eta Zuiako Klimaren eta Energiaren Plana garatuko da, 40.000 euroko hasierako partidarekin.

Azken urteetan bezala, EHBILDUko gobernu taldeak hainbat parte-hartze dinamika antolatu ditu aurrekontu hauek gauzatzeko. Egindako dinamiken artean, herrietan egindako batzarrak nabarmendu behar dira, aurkeztutako kontuei buruzko ekarpenak eta iritziak jasotzeko; eta beste bat, udalerriko bizilagunek 15.000 euroko partida nora bideratu erabaki zezaketena. Azkenik, partida hori bizitegi eremuetako zirkulazio arazoei eta hiri altzariei irtenbide teknikoak bilatzeko erabiliko da, azken dinamika horretan jasotako proposamenak izan dira-eta.