Egia bihurtzeko, hamarkada luze batez aritu da lanean udala, eta eraikina dagoen lurrak erosi ere egin behar izan dituDuela urtebete baino gehiagotik hona, Zuiako Udalak Osakidetzaren inolako jakinarazpenik jaso ez badu ere, zantzu guztien arabera, laster irekiko da udalerriko Osasun-zentro berria."Azken egunetan eraikuntza enpresak eta gremioak desagertu egin dira, udaleko teknikariek ikuskapena egin dute, eta kartelak zentroaren sarreran jarri dira. Nahiz eta informazio ofizialik ez izan, badirudi iritsi dela Zuian azken hamarkada honetan hainbeste borrokatu dugun unea. Gure herritarren lorpen handia da, eta, azkenean, instalazio duinak izango dituzte. Eta albiste ona da zentroko langileentzat, aurrerantzean beren profesionaltasunarekin eta egiten duten lanarekin bat datorren lekua izango baitute ", adierazi du Unai Gutierrez Urkiza alkateak.Zuiako Osasun-etxe berriak egungo anbulatorioak dituen gabezia larriak konponduko ditu; batez ere, espazio falta. Gune berria Murgian dago, Aiurdin kalean, eta irisgarria da, erabat. 540 metro karratuko azalera du solairu bakar batean, 2 eremutan banatuta: bat Familia edo Lehen Mailako Arretarako eta bestea Arreta Pediatrikorako. Lehenengoan medikuntzarako 2 kontsulta eta erizaindegirako beste 2 eraiki dira. Arreta Pediatrikoan, bestalde, itxarongela bat, orgatxoetarako beste bat, erizaindegiko kontsulta bat, medikuntzarako beste bat eta, azkenik, jolaserako gune bat. Osasun Zentroak herritarren arretarako beste gela komun bat dauka, eta langileen prestakuntza-jardueretarako beste bat. Eta kontuan hartuta Zuia eskualdeko herriburua dela, osasun-etxean Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) zerbitzuaren guardiak egin ahal izateko egokitutako instalazioak ere badira. Kanpoaldean
aparkaleku bat eraiki da, anbulantziek eta langileek erabiltzeko. Bertan, hainbat aparkaleku egokitu dira ezgaitasunak dituzten pertsonentzat. Gainerako erabiltzaileek, aldiz, Aiurdin kalean daudenak erabili ahal izango dituzte.Zuiako Osasun-etxe berria Murgiako erdialdeko lursail batean dago; Zuiako Udalak erosi behar izan zuena, hain zuzen, Osakidetzari lagatzeko. "Gogorarazi nahi dut – amaitzeko dio alkateak – udal honek ahalegin handia egin duela Zuia bere premiekin bat datorren Osasun-zentro batez hornitzeko".